Gizartea
Inauteriak
Bertan behera geratu dira, haizeagatik, arratsaldean Donostian eta Irunen egitekoak ziren desfileak
EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren abisu horiak 100 km/h-ko abiadura gainditu dezaketen haize-boladak aurreikusten ditu gaur arratsalderako, eta, ondorioz, erabaki hori hartu behar izan dute, segurtasun-baldintzak ezin zirelako bermatu.
-
2020ko Irungo inauteri desfilea. Argazkia:Jose Maria Vega Nieto
Irungo eta Donostiako udalek arratsaldeko inauterietako desfileak bertan behera uztea erabaki dute, haize-bolada bortitzak iragarri baitituzte.
Irungo Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, konpartsekin adostu da arratsaldeko desfilea bertan behera utzi eta datorren larunbatera arte atzeratzea; oraingoz, ordea, biharkoari eutsiko diote.
Udalak emandako azalpenen arabera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak haizeagatik emandako abisu horiak karrozetan segurtasun-neurri gehigarriak hartzera behartu ditu.
Udaleko teknikariek inauterietako karrozak gainbegiratu dituzte, eta haizeak eragin dezakeen arriskuaren aurrean segurtasun-baldintzak bermatzea "ezinezkoa" dela baieztatu dute.
Donostian ere, bihar arratsaldera atzeratu dute arratsaldeko desfilea. Udalak desfilea karroza gabe egitea proposatu du hasiera batean, baina desfilea bihar arte atzeratzea erabaki dute azkenean, konpartsek proposatuta, mozorroak eta karrozak behar bezala erakutsi ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzaren abisu horiak 100 km/h-ko abiadura gainditu dezaketen haize-boladak aurreikusten ditu gaur arratsalderako, kostaldean.