Gizartea
ALERTA METEOROLOGIKOAK
Alerta laranja ezarri dute goizalderako euskal kostalde guztian, olatu handiengatik eta uholde arriskuagatik
EITB MEDIA
Neurriak hartu dituzte Bilbon, Donostian, Irunen, Biarritzen eta Baionan, besteak beste, olatu handiek bat egingo dutelako marea biziekin igande goizaldean, eta uholdeak izan daitezke.
-
Bi gizon itsasgoraren zain, Pasai Donibanen. Argazkia: EITB Media
Eguraldiaren aldaketak eta euriaren eta haizearen etorrerak fenomeno meteorologiko bortitzak ekarri dituzte, bereziki euskal kostaldera. Olatu handiak eta marea biziak izango dira Bizkaiko Golkoan, eta, hori dela eta, abisu horian izan dira Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdi larunbatean, eta alerta laranjan, berriz, igandean.
Arriskua dela eta, hainbat pasealeku itxi dituzte Donostian eta Baionan, eta neurriak hartu dituzte. Biarritzen zein Donibane Lohizunen, alerta aktibatu dute uholde arriskuagatik.
Euskal Autonomia Erkidegoan, larunbateko 15:00etatik gauerdira arte abisu horiak ezarri dituzte olatuengatik eta haize bortitzengatik, eta abisu horia alerta laranja bilakatuko da igandeko 03:00etatik 07:00etara, olatu handiak ez ezik, marea bizia ere egongo baita. Igande goizalderako espero da okerrena, beraz.
Bilbon, ibaiak gainezka egin dezake marea biziengatik, eta, hori dela eta, lur-zakuak jarri dituzte Elorrietako bihurgunean, Deustuko Erriberan (Zorrotzaurre) eta Olabeagan.
Donostian, itxi egin dituzte hiriko kostaldeko pasealeku nagusiak: Pasealeku Berria, Leizaola pasealekua (Zurriolako kai-muturra) eta Haizearen Orrazia.
Irunen, dispositibo bat izango dute martxan asteburu honetan, Bidasoa ibaiak gainezka egiteko arriskua baitago Gal Stadium eta Behobia inguruetako bidegorri zati batzuetan, eta lur-zakuak jarri dituzte bertan.
Zarautzen ere, oholak jarri dituzte hondartzako pasealekuko taberna eta komertzioetan, olatu handiak iritsiko ote diren beldurrez.
Ipar Euskal Herrian, abisu horia ezarri du Pirinio Atlantikoetako prefeturak larunbaterako eta alerta laranja iganderako. Itxi egin dute otsailaren 18ra arte Hendaiatik Ziburura doan La Corniche edo Erlaitzeko bidea, eta Errobi nahiz Aturri ibaiek gainezka egiteko arriskua dagoela ohartarazi dute.
Baionan, debekatu egin dute ibaien ondoko kaleetatik zirkulatzea eta aparkatzea, baita Jauregiberri moilan ere. Hiriko erdigune osoan, Baiona Handian, Ttipian eta Saint-Espiriten, uholdeak izan daitezkeela ere ohartarazi dute.
Donibane Lohizunen, hondartza guztiak itxi dituzte, eta hala egongo dira astelehen eguerdira arte.
Biarritzen, berriz, iganderako espero da okerrena, 02:00-08:00 eta 15:00-20:00 artean. Badaezpada, hor ere itxi dituzte hondartza guztiak, udal igerilekua, Akuarium inguruko pasealekua eta olatuak irits daitezkeen gune guztiak. Kontuz ibiltzeko eskaria astelehenera arte luzatu dute.
IRAGARPENA
Larunbatean, nabarmen hoztu du eta euria egin du barra-barra, goizean, batez ere.
Igandean, eguraldiak lasaitzera egingo du orduak igaro ahala. Egunaren lehen partean, zaparrada batzuk botako ditu isurialde atlantikoan; arratsaldean, ordea, atertzera egingo du pixkanaka. Tenperatura maximoetan ez da gorabehera handirik izango, baina minimoak pixka bat jaitsiko dira. Mendebaldeko haizea ibiliko da, zakar samar tarteka. Elur-kota 1000-1200 metroan egongo da goizaldean eta goizean goiz.
Astelehenean, tenperaturak gora egingo du. Hego-haizearekin hasi eta amaituko da eguna, baina haizea mendebaldera eta ipar-mendebaldera aldatuko da eguerdi aldera. Oro har, hodei dezente egongo dira, batez ere goizean, eta euri txikia egingo du noizbehinka. Arratsaldean, argitzera egingo du pixka bat, eta erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira. Tenperatura maximoak 13-15 ºC ingurukoak izango dira.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.