Gizartea
EUSTAT
Emakumeak dira nagusi osasun arloko ikasketetan, baina ingeniaritzan gutxiengoa dira
agentziak | eitb media
Matrikulen % 78 emakumezkoenak dira Osasun zientzietako ikasketetan, baina ingeniaritzan eta arkitekturan ez dira % 29ra iristen. Emakumezko ikertzaileen kopurua % 35,7 hazi da hamarkada batean.
-
Emakume ikerlaria. Argazkia: EFE
Emakumezkoak dira nagusi EAEko osasun arloko unibertsitate ikasketetan, matrikulen % 78 emakumezkoenak baitira, baina gutxiengoa dira Ingeniaritza eta Arkitektura alorretan, horietan emakumeen kopurua ez baita % 29ra iristen.
Igande honetan, otsailaren 11n, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Eustat EAEko Estatistika Institutuak emakumeek zientzian, ikasketetan eta lanean duten presentziari buruzko datuak argitaratu ditu.
Ikasle garaian, emakumezkoak gehiago dira Batxilergoaren adar guztietan, eta geroz eta gehiago dira Zientzia eta Teknologiako adarra aukeratzen dutenak, % 51,4 izateraino 2021-2022 ikasturtean. Kopuru hori 5,1 puntu hazi da hamarkada batean.
Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoaren kasuan, ikasleen ia bi heren (% 62) dira emakumezkoak.
Unibertsitatean, matrikulen % 54,3 (70.503) emakumezkoenak dira, eta erdiek baino gehiagok (% 53,4) Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak hautatzen dituzte.
Alde nabarmenena Osasun Zientzietan ikus daiteke, matrikulen % 78 emakumeena baita. Gradu guztietan gainditzen dituzte ikasle kopuruaren hiru laurdenak, Fisioterapian izan ezik, hor paretsu baitaude.
Kontrakoa gertatzen da Ingeniaritza eta Arkitektura adarretan, emakumeak ikasleen % 29 ere ez baitira. Elektronika, Informatika eta Mekanika Ingeniaritzetan, gainera, bost ikasletik bakarra da emakumezkoa.
Gainerako adarretan, parekotasun handiagoa dago. % 50,8 dira emakumezkoak zientzia puruetan, baina Fisikan heren batera ere ez dira iristen (% 29).
Lan arloan, 8.453 emakume ikertzaile daude EAEn, duela 10 urte baino % 35,7 gehiago.