Itxi

Ekonomia

Hondoratzea

'Maria Reina Madre' arrantza-ontzia hondoratu egin da, Pasaiako portutik bederatzi miliara

EITB Media

Itsasontziaren flotagarritasuna berreskuratzeko maniobrek porrot egin dute. 13 marinelak eta patroia goizean erreskatatu dituzte, eta "onik" eraman dituzte Pasaiako portura.

0:40

Ostiral goizean Pasaiatik bederatzi miliara matxuratu eta hondoratzen hasi den Maria Reina Madre arrantza-ontzia urak irentsi du, azkenean, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak jakinarazi duenez.

Frantziako bandera izan arren, Burelan zuen basea, Galizian, eta azterketa bat egitera zetorren Pasaiara, gero Frantziako uretan arrantzatzen jarraitzeko. 

Hala ere, Pasaiatik bederatzi miliara, ontzira ura sartzen hasi da eta makina-gela urez bete da. Ondorioz, "goizeko bederatziak aldera Bilboko Itsas Salbamenduko Koordinazio Zentroan lehen abisua jaso dutenetik, 38 minutu eskasean ebakuatu behar izan dute ontzia", Itxasok azaldu duenez.

Itxasoren arabera, Itsas Kapitaintzatik atoian eramaten saiatu dira, hegoaldeko haizeak Frantziako uretara bultzatzen zuelako ontzia, baina, "flotagarritasuna berreskuratzeko maniobrek porrot eginda", azkenean ontzia hondoratu egin dela baieztatu du.

Eskifaiaren erreskatea

Arrantza-ontziko 14 tripulatzaileak goizean erreskatatu dituzte, horien ontzia Pasaiako kostaldean hondoratzen hasi ostean.

Abisua 08:57an iritsi da Bilboko Itsas Salbamenduko Koordinazio Zentrora. Maria Reina Madre arrantza-ontziaren deia jaso du, kroskoan kontrolatu ezin zuen zulo bat zuela esanez.

Itsas Salbamendutik, salbamendu-txalekoak jartzeko eskatu diete, eta Salvamar Orion ontzia eta Helimer 211 helikopteroa mobilizatu ditu. Gainera, ontzitik gertu zegoen Castillo anaiak arrantza-ontziarekin harremanetan jarri dira.

09:12an, istripua izan duen ontziko patroiak jakinarazi du 13 tripulatzaileak arrantza-ontzitik atera direla eta salbamendu-txalupa batean zeudela; bera, berriz, ontzian egon da erreskate-ontzia iritsi arte.

Salvamar Orion ontzia 09:35ean iritsi da eskifaia zegoen tokira, eta 13 tripulatzaileak onik erreskatatu ditu. Ondoren, Maria Reina Madre ontzira joan da patroia ateratzera. 

Itsasontzia "estriborrera eskoratuta dago, eta makinak urak hartu ditu", Itsas Salbamenduak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Guardia Zibilaren Rio Sella patruila-ontzia "egoera monitorizatzen" aritu da, eta Itsas Salbamenduko María de Maeztu ontzia mobilizatu dute istripua izan duen ontzia atoian eramaten saiatzeko; alferrik, ordea.

1987an eraiki zuten María Reina Madre itsasontzia. 25 metro luze da, bandera frantsesa du, eta Pasaiako portutik bederatzi miliara zegoela hasi da hondoratzen.