Gizartea
Delitu sexualak
Gazte bat atxilotu dute Beasainen "gogortasun handiko" haur-pornografia partekatzea egotzita
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joan den asteazkenean epaileak polizia ikertuaren etxebizitzan sartzea baimendu zuen eta 23 urteko gaztea une horretan atxilotu zuten.
Polizia Nazionaleko agenteek gazte bat atxilotu dute Beasainen (Gipuzkoa), "oso gogorrak" diren haur-pornografiako bideoak edukitzea eta Internet bidez partekatzea egotzita. Bideo horietan, adingabeak agertzen dira, "heldu batekin sexu-jarduerak egiten".
Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Madrilgo Ziberdelinkuentzia Unitateko Adingabeak Babesteko Taldeko agenteek Gipuzkoako etxebizitza batetik "gogortasun handiko artxibo pedofiloak deskargatzen eta partekatzen ari zirela" ikusi zutenean hasi zen pertsona horren inguruko ikerketa.
Kasuaren ardura zuten agenteek erabiltzaile horren Interneteko zerbitzuen hornitzaileak emandako informazioa aztertu zuten. Ondorioz, susmagarriaren Beasaingo etxebizitza geolokalizatu eta zerbitzuaren titularra identifikatu zuten.
Horrela, joan den asteazkenean epaileak polizia ikertuaren etxebizitzan sartzea baimendu zuen eta 23 urteko gaztea une horretan atxilotu zuten.
Etxea miatu ondoren, aurkitu zituzten terminal informatikoak etxebizitzan bertan aztertu zituzten, eta agenteek egiaztatu zuten gazteak "artxibo pedofilo ugari zituela atzeman zuten telefono mugikor batean".
Donostiako Probintzia Komisariara eraman ondoren, Tolosako (Gipuzkoa) Instrukzio Epaitegiaren esku utzi zuten gaztea, eta auzia ikertzen ari dira.