Gizartea
INDARKERIA MATXISTA
Alvesek bortxatu egin zuela berretsi du biktimak epailearen aurrean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gaur abiatu da Dani Alvesen kontrako epaiketa sexu-erasoagatik, Bartzelonako Auzitegian. Aurretiazko eginbideetan, epaiketa bertan behera uztea eskatu du futbol jokalariak, aurretik egin zaion "epaiketa paralelo" batean "ikertu" zutela argudiatuz.
-
Dani Alves, gaurko epaiketan. Argazkia: EFE
2022ko abenduaren 30ean, Bartzelonako Sutton diskotekako komunetako batean, Dani Alvesek bortxatu egin zuela berretsi du epailearen aurrean biktimak, ia ordu eta erdi iraun duen deklarazioan.
Alvesen kontrako sexu-erasoaren salaketa jarri zuen egunetik esandakoa hitzez hitz berretsi du emakumeak: sexu-erasoa egin ziola, indarkeria eta mespretxuzko jarrera erabilita, diskotekako komunetako batera berarekin sartzera behartu ondoren.
Gaur hasi da Alvesen kontrako epaiketa Bartzelonako Auzitegian. Lehendabiziko saioan, besteak beste, biktimak eta erasoaren egunean harekin zegoen lagunetako batek deklaratu dute. Biktimak segurtasun neurri zorrotzekin deklaratu du, haren irudia eta ahotsa inork grabatu ez zitzan. Esquadra Mossoek lagunduta egon da une oro.
Biktimaren lagunak, bere aldetik, kontatu du erasoaren egunean "negar-zotinka" atera zela komunetik emakumea, Alvesek "min handia" egin ziola esanez. Hasieran, salaketa jartzea ere ez zuela nahi erantsi du, "inork ez ziola sinistuko" uste zuelako.
Halaber, biktimaren lagunak esan du eurekin ere jarrera oso desegokia izan zuela futbolariak.
Sexu-erasoa egotzita, auzipetuen aulkian eseri da gaur Alves. Fiskaltzak bederatzi urteko espetxe-zigorra eskatzen du harentzat, eta akusazio partikularrak, berriz, hamabikoa. Asteazkenean deklaratuko du.
Aurretiazko eginbideetan, epaiketa bertan behera uztea eskatu du futbol jokalariaren abokatuak, aurretik egin zaion "epaiketa paralelo" batean "ikertu" zutela eta "bere eskubideak urratu" zituztela argudiatuz.