Itxi

Gizartea

TRAFIKOA

N-1 errepideak orduak eman ditu itxita, Gasteizko noranzkoan, hiru kamioik Itsasondon talka egin ondoren

EITB MEDIA

Erreietako bat, Gasteizko noranzkoan, 20:10ak aldera ireki dute berriro. Bi kamioilari Zumarragako eta Donostiako ospitaleetara eraman dituzte. Ibilgailuetako baten zama trenbidera erori da, baina ez du trenen joan-etorria oztopatzen.

0:39
Irudia: EITB

N-1 errepideak orduak eman ditu itxita arratsaldean, Gasteizko noranzkoan, Itsasondon hiru kamioik talka egin ostean. Ezbeharraren ondorioz, Alegiarainoko auto ilarak sortu dira. Erreietako bat 20:10ak aldera ireki dute berriro.

Hiru kamioiren arteko istripua 13:10 aldera gertatu da. Horietako bat bidetik atera da eta beste biak traba egiten gelditu dira errepidean. Bidetik atera den ibilgailuaren zama Itsasondoko tren geltoki ingurura erori da, baina ez du trenen joan-etorria oztopatu.

Hiru gidarietako bi kamioian harrapatuta gelditu dira, eta biak Zumarragako eta Donostiako ospitaleetara eraman behar izan dituzte.

Suhiltzaileak ez ezik, Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak ezbeharra izan den lekura bertaratu dira. 

Errepidea itxita egon den bitartean, zirkulazioa GI-2131 errepidetik bideratu dute.

Bestalde, Gipuzkoan beste istripu bat izan da, eta hamar kilometroko auto-ilarak sortu dira; zehazki, AP-8 autobidean, Zarautzen, Donostiarako noranzkoan. Auto batek eta kamioi batek talka egin dute, eta errei bat itxi behar izan dute, baina ez da inor zauritu.