Gizartea
EUSTAT
Jaiotza kopuruak jaisten jarraitzen du EAEn: iazko hirugarren hiruhilekoan % 3,2 haur gutxiago jaio ziren
EITB MEDIA
Eustatek zabaldu dituen datuen arabera, 2023ko udan ama izan ziren emakumeen erdia ezkondu gabe zeuden, eta herenak atzerriko nazionalitatea zuen.
-
Artxiboko irudia
Jaiotza tasaren marrak beherantz jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan: 2023ko hirugarren hiruhilekoan 3.478 haur jaio ziren, aurreko urteko aldi berean baino % 1,6 gutxiago. 2022ko datuekin alderatuta, urteko jaitsiera metatua % 3,2koa izan zen.
Lurraldeka, jaiotza kopuruaren jaitsierarik nabarmenena Gipuzkoan izan zen, % 3; Bizkaian ere, behera egin zuen, % 1,2; Araban, berriz, oso gutxi, baina gora egin zuen, % 0,2. Zehazki, Bizkaian 1.763 haur jaio ziren, Gipuzkoan 1.150 eta Araban 565.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak gaur zabaldutako txostenean nabarmendu dituen datuetako batzuk dira. Adinen araberako ondorioak ere eman dituzte, eta horien arabera, iazko hirugarren hiruhilekoan ama izan ziren emakume gehienak (% 68,8) 30-39 urte artean zituzten; % 13,3k, 25-29 urte artean; eta, % 7k, 25 urte baino gutxiago. 40 urte baino gehiago zituztenak, berriz, % 10,9 izan ziren.
Bestalde, 2023ko udan ama izan ziren emakumeen erdia (% 50) ezkondu gabe zeuden. Iaz % 49,5ekoa zen kopuru hori.
Emakumeen herenak (% 31,3) atzerriko nazionalitatea zuen, aurreko urtean baino bi hamarren gehiago.