Itxi

Gizartea

OROIMEN EKITALDIA

Duela lau urte Zaldibarko zabortegia behera etorrita hil ziren bi lagunak gogoratu dituzte senide eta lagunek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zaldibar Argitu elkarteak gogorarazi duenez, prozesu penala itxi ostean, ingurumenaren aurkako delituen auziak aurrera egiteko "itxaropena" dute orain, baina instrukzio-fasean jarraitzen du, lau urte geroago. "Horrekin dena esanda dago", deitoratu dute.

  • Zaldibarko omenaldi ekitaldia. Argazkia: @ehbildu

    Zaldibarko omenaldi ekitaldia. Argazkia: @ehbildu

Zaldibarko bizilagunek eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze duela lau urte Zaldibarko zabortegia erori zenean hil ziren bi langileen senide eta lagunek oroimen ekitaldia egin dute igande honetan, istripua izan zenetik lau urte betetzeko bi egun falta direnean. 

Zaldibar Argitu elkarteak antolatu du ekitaldia, hondamendia oroitzeko eskulturaren ondoan. Bertan, lore eskaintza egin dute hildakoen omenez, eta agiri bat irakurri dute erantzukizunak ez direla oraindik argitu salatzeko.

Bertan gogorarazi dutenez, prozesu penala itxi ostean, ingurumenaren aurkako delituen auziak aurrera egiteko "itxaropena" dute orain, baina instrukzio-fasean jarraitzen du, lau urte geroago. "Horrekin dena esanda dago", deitoratu dute.

Iragan azaroan, "Eusko Jaurlaritzako norbaitek deklaratu zuen lehen aldiz, eta Jaurlaritzak dena ondo egin zuela esan zuen", adierazi dute.

Ikerketa judizial horren ondorioak ezagutzeko, "instrukzioa ahalik eta lasterren" amaitzeko eskatu du Zaldibar Argitu plataformak, eta, aldi berean, inongo euskal ordezkari politikok ez duela erantzukizunik bere gain hartu kritikatu dute.

Imagen de archivo del día del desprendimiento.

Luizia izan zen eguneko artxiboko irudia.

Ezbeharra

2020ko otsailaren 6an, arratsaldeko lehen orduan, Verter Recycling enpresak Zaldibarren kudeatzen zuen zabortegia behera etorri zen, eta 800.000 metro kubiko zabor eta lur baino gehiago joan ziren mendian behera AP-8 errepideraino. Bidean, instalazio horretako bi langile lurperatu zituen.

Hondamendia izan eta ordu batzuetara, bi langileak bilatzeko lanetan hasi ziren, eta hilabeteak eman zituzten horretan. Alberto Sololuzeren gorpua abuztuan aurkitu zuten, baina Joaquin Beltranena ez zen agertu. Hala, 2021eko maiatzean, desagertutzat jo, eta bilaketa bertan behera utzi zuten.

Zabortegian ezohiko lur-mugimenduak izaten ari zirela jakinarazi zion Beltranek enpresari istripua gertatu baino egun batzuk lehenago, baina inork ez zuen neurririk hartu.

Hainbat egunetan, suteak izan ziren arrastaka eramandako lur eta hondakin artean, amiantoa zein bestelako gai toxikoak tartean, eta horrek eragina izan zuen eskualde horretako airearen kalitatean hainbat astetan.

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zituen lursaila egonkortzeko, lur-jausi gehiago saihesteko eta bi langileak bilatzeko lanak egiteko kostuak, eta, lan horiek direla eta, 28,8 milioi euro eskatu zizkion Verter Recycling enpresari.

Bestalde, enpresak 1,4 milioi euroko kalte-ordaina eman zion Joaquin Beltranen familiari eta 1,3 milioi eurokoa Alberto Sololuzerenari, eta zuhurtziagabekeriaz egindako giza hilketagatik abiatutako auzi penala itxi zen.

Ingurumenaren kontrako delituengatik hasitako prozesu judizialak irekita daude oraindik, irregulartasunek erorketan zerikusirik izan ote zuten eta hainbat urtetan meta zitzaketen baino hondakin gehiago jaso ote zituen argitzeko, besteak beste.