Gizartea
GURASOEN PROTESTA
Itunpeko eskoletako familiek manifestazioa egin dute akordioa lortu eta greben amaiera eskatzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Itunpeko ikastetxeetako ehunka gurasok eta ikaslek manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Bilbon, ikastetxe horietako grebei amaiera emango dien akordioa eskatzeko eta seme-alaben hezkuntzarako eskubidea aldarrikatzeko.
-
Pankarta, Moyuan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Itunpeko ikastetxeetan eutsi egingo diete otsailerako iragarritako bost greba egunei, eta horrek haserrea eragin die guraso askori. Hala, manifestazioa egin dute ehunka gurasok eta ikaslek gaur arratsaldean Bibon, bi aldeei akordio batera iristea eskatzeko.
Moyua plazatik abiatu da guraso elkarteek deitutako manifestazio koloretsua, eta Kale Nagusia igarota, Arriaga aurrean amaitu dute.
Izaskun Fernandez bozeramaileak gogora ekarri du jada 13 greba egun izan dituztela ikasturte honetan, eta gurasoen "haserrea biderkatu" egin dela sindikatuek otsailean beste bost egun deitu dituztela jakinda; izan ere, greba hauek euren seme-alaben ikasteko eskubidea urratzen dutela uste dute gurasoek.
Ostiralean patronalek eta sindikatuek bilera akordiorik gabe amaitu ostean, ikastetxe horietako gurasoek gutun bana bidali zieten sindikatuei, patronalei eta Eusko Jaurlaritzari, alde guztien "itxitasuna" salatzeko, besteak beste.
"Gure seme-alaben eskubideen alde ari gara borrokan", aldarrikatuta dute, eta oso kezkatuta agertu dira, batez ere, ikasturte amaieran unibertsitateko sarbide probak egin beharko dituzten Batxilergoko ikasleengatik. "Oso urduri daude, ez baitira eskolak jasotzen ari, eta ikastordu asko galdu dituzte; beraz, ez dute ikasgai guztiak ikusteko denborarik izango eta ez dira ondo prestatuta iritsiko", ohartarazi dute.
Ume bat, 'Ikasi nahi dut' dioen kartela daramala, Moyua plazan. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Atzo "urrezko aukera" galdu izana aurpegiratu diete gurasoen elkarteek sindikatuei. "Honek lan-gatazka bat izateari utzi dio, eta borroka sindikal bat bihurtu da", salatu dute, eta sindikatuei albo-kalteak ere "bost axola" zaizkiela gehitu dute. "Bakarren batzuei komunikabideetan ateratzea eta gatazka kolektiboen estatistikak puzten jarraitzea gustatzen zaie", horien hitzetan. Horren aurrean, negoziatzen ari diren bitartean greba gehiago ez deitzeko eskatu diete.
Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei, berriz, "pasibotasuna" leporatu diete. "13 eguneko grebaren ondoren eta beste 5 egun deituta, geure buruari galdetzen diogu ea zergatik ez duten lehenago negoziatu hau saihesteko", galdetu dute gurasoek.
Azkenik, Hezkuntza Sailari gogorarazi diote "Hezkuntzarako eskubidea zaindu" behar duela, eta "euren eginkizunetan utzikeriaz jokatzea" leporatu diote. Eusko Jaurlaritzari "esku hartzeko" eskatu diote beste behin ere, eta "gatazka honekin amaitzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzeko". Gatazka konpontzeko gai ez badira, "bitartekari bat" ekar dezatela ere proposatu dute.