Gizartea
EGURALDIA
Hego-haizea eta tenperatura altuak urtarrila amaitzeko
eitb media
Tenperatura maximoak 18 ºC ingurura iritsiko dira, eguzkia nagusituko da, baina lainoak ere egongo dira puntu batzuetan, goizeko behe-lainoarekin batera.
-
Bi lagun Donostiako Kontxa hondartzan, larunbat honetan. Argazkia: EFE
Urtarrila tenperatura altuekin eta zeru eguzkitsuekin amaituko da, hego-haizearen laguntzaz.
Gaur, hego-haizea tarteka zakar ibiliko da, goizean batez ere. Horrekin batera, tenperatura oso suabea izango da, nahiz eta txoko batzuetan maximoak apur bat jaits daitezkeen. Giro argia nagusituko da, zeruan goi-hodei batzuk agertu arren. Ebro ibarrean, behe-lainoa izango da hasieran.
Astelehenean, hodeiak ugaritu egingo dira. Goi-hodeiekin batera, erdi-mailako hodeiak ere agertuko dira, eta zerua hodeitsu agertuko da tarteka, batez ere arratsaldetik aurrera. Edozein kasutan, ez du euririk egingo. Hego-haizea harro ibiliko da oraindik, bereziki mendi inguruetan. Tenperaturan ez da aldaketa handirik espero.
Asteartean, giro lasaiak jarraipena izango du. Goizean goiz, erdi-mailako hodei eta goi-hodei dezente izango dira, baina zerua garbiago agertuko da arratsaldean. Goizean, hegoaldeko haize suabea ibiliko da, eta barnealdean aldakor geratuko da arratsaldean; kostaldean, litekeena da arratsaldean ipar-haizea ibiltzea. Horren ondorioz, isurialde atlantikoan tenperatura maximoak pittin bat jaitsiko dira, eta gainerako tokietan antzekoak izango dira.
Asteazkenetik aurrera, eguraldiak joera beretik jarraituko du, hego-haizea eta garai honetarako tenperatura epelak eta altuak nagusi direla.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali argazkiak eta bideoak.