Gizartea
Trafiko-istripua
Bizkaitar bat hil da eta beste bi zauritu Burgosen, aurrez aurreko talka batean
Agentziak | EITB Media
Istripua 9:36 inguruan gertatu da, eta bi autok aurrez aurre talka egin dute Villasana de Menan, Bizkaiko mugatik gertu. Zaurituak Basurtuko Ospitalera eraman dituzte.
70 urteko gizon bat hil da gaur goizean CL-629 errepidean, Villasana de Mena (Burgos) parean, izandako zirkulazio-istripu batean. Gainera, adin bereko beste gizon bat eta emakume bat zauritu dira, biak bizkaitarrak ere.
Larrialdietako 1-1-2 zerbitzuak emandako informazioaren arabera, istripua 9:36 aldera gertatu da, eta bi autoren arteko aurrez aurreko talka izan da, errepideko 99. kilometroan, Bizkaiko mugatik gertu.
Guardia Zibilak baieztatu duenez, istripua ikuspen oneko bihurguneetan gertatu da, baina ikertzen ari dira zergatik jazo den. Hasiera batean, bi pertsona artatzeko laguntza medikoa eskatu dute, autoetako batean zaurituta eta harrapatuta baitzeuden.
1-1-2 zerbitzuko kudeaketa-gelak abisua eman die Burgosko Trafikoko Guardia Zibilari, Burgosko suhiltzaileei eta Sacyl Osasun Larrialdiei; azken horrek ZIU mugikor bat, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat eta Villasana de Menako mediku-talde bat bidali ditu.
Bertan, Sacyleko langileek baieztatu dute autoetako batean zihoan 70 urteko gizon bat hil dela, eta ezbeharra izan duen beste ibilgailuan zihoan bikote bat artatu dute, 70 urte ingurukoa hura ere.
Beste bi biktimak ZIU mugikorrean eta oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzian eraman dituzte Basurtuko Ospitalera.