Gizartea
Gaixotasunak
Gripearen zirkulazioak behera egin du, bost astez jarraian gora egin ondoren
EITB Media
Gainera, Osakidetzaren azken txostenak, urtarrilaren 15etik 21era bitarteko asteari buruzkoak, adierazten du arnas infekzioen tasa 562,9 kasukoa izan dela 100.000 biztanleko (717,4/100.000 iragan astean).
-
Basurtuko Ospitalearen laborategia. Argazkia: EFE
Osakidetzak gripearen zirkulazioak behera egin duela egiaztatu du, bost astez jarraian gora egin ondoren, baita covid-19aren intzidentzia eta arnas birus sinzitialaren (VRS) kasuak gutxitu egin direla ere. Horrela, jaitsiera datorren astean errepikatuko balitz, posible izango litzateke osasun-zentroetan eta zentro soziosanitarioetan musukoa derrigorrez erabiltzeari uztea.
Osakidetzako arnas infekzioen zaintzako azken txostenak, urtarrilaren 15etik 21era bitarteko asteari dagokionak, adierazten du Lehen Mailako Arreta Sareko tasa 562,9 kasu izan dela 100.000 biztanleko (717,4/100.000 aurreko astean).
Gripe-sindromearen tasak behera egin du Lehen Arretan, bost astez jarraian gora egin ondoren, eta bronkiolitisaren tasak aurreko asteko antzeko balioetan jarraitzen du.
Osakidetzaren ospitale-sareko arnas infekzio larriaren tasa 21,1 kasukoa izan da 100.000 biztanleko (24,5/100.000 iragan astean). Era berean, aste honetan SARS-CoV-2 234 kasu, gripe-birus 536 kasu eta VRS 125 atzeman dira Euskadiko Informazio Mikrobiologikoko Sisteman, aurreko astekoak baino kopuru txikiagoak, orduan 282 SARS-CoV-2, 664 gripe-birus eta 155 VRS detektatu baitziren.
Lehen Mailako Arretan arnas infekzioen tasa aste honetan 562,9 kasu izan da 100.000 biztanleko (aurreko astean 717,4 kasu 100.000 biztanleko). Lurralde historikoen arabera, hauek izan dira tasak: 100.000 biztanleko 436,4 Araban, 567,1 Bizkaian eta 614,6 Gipuzkoan.
Gripearen tasak behera egin du Lehen Mailako Arretan, bost astez jarraian gora egin ondoren, eta 100.000 biztanleko 54,9 kasutan kokatu da (100.000 biztanleko 76,7 kasu aurreko astean). Bronkiolitis-tasa (bi urtetik beherakoetan) aurreko asteko balioen antzekoa da: 266,9 kasu 100.000 biztanleko (263,4/100.000 aurreko astean).
SARS-CoV-2rako positibotasunak gora egin du, eta % 8,4an kokatu da (% 2,3 aurreko astean). Gripearen positibotasuna % 33,7an mantendu da (aurreko astean % 33,3) eta VRS birusarena % 2,4an geratu da (iragan astean % 4,6). Rinobirusaren positibotasuna % 13,3koa izan da (% 10,3 aurreko astean).
Arnas infekzio larrien tasa 100.000 biztanleko 21,1 kasukoa izan da (24,5/100.000 iragan astean), 20,5/100.000 emakumeetan eta 21,8/100.000 gizonetan.
Gripearen birusaren positibotasunak behera egin du berriro ospitaleetan, % 25,9an kokatu da (aurreko astean % 31,9) eta SARS-CoV-2 birusarena % 11,0an mantendu da (iragan astean % 11,7). VRSaren positibotasuna % 9,5era jaitsi da (% 10,7 aurreko astean) eta rinobirusarena % 15,3.
Osakidetzaren ospitale-egoeraren adierazleetatik lortutako datuen arabera, aste honetan EAEn covid-19aren eraginez 98 ospitaleratze izan dira (110 iragan astean), 53 gizon eta 45 emakume. Ospitaleratutako pertsonen % 87,8k 60 urte edo gehiago zituen.