Gizartea
Osasuna
Oxido nitrosoa: efektuak eta arriskuak
EITB Media
"Barrearen gas" bezala ere ezaguna, droga horrek ongizate eta euforia sentsazioa sortzen du, baina baita kalteak ahoan, biriketan eta nerbio sistema zentralean.
-
Barrearen gasa duen botilatxoa. Argazkia: EMCDDA
Oxido nitrosoa gazteek aisialdirako erabiltzen duten droga berri bat da, Ertzaintzak ohartarazi duenez. Zer ondorio ditu eta zer arrisku?
Droga hori sudurretik arnasten da, spray edo sifoi moduko batetik. Ondorioak minutu eskasera datoz, eta ordu laurden bat eta hiru artean iraun dezakete, arnasten den kantitatearen arabera.
Gasa nerbio sistema zentralaren depresorea da: minaren pertzepzioa aldatzen du eta ongizate eta euforia sentsazioa sortzen du kontsumitzailean. Hortik datorkio bere beste izena: barrearen gasa.
Oxido nitrosoa kontsumitzen duten pertsonek, ahoan eta eztarrian erredurak izateaz gain, kalteak izan ditzakete nerbio sistema zentralean eta biriketan.
Itotzeko arriskua ere badago. Izan ere, arnas aparatura oxido nitrosoa sartzen denean, ez da oxigenoa sartzemn. Kopuru handi batean, heriotza ekar dezake.
Ez da legez kanpoko substantzia bat. Izan ere, anestesiko gisa erabiltzen da odontologian edo ebakuntza kirurgiko txikietan. Adibidez, Osakidetzak gas hori erabiltzen du erditze batzuetan. Maskara edo ahoko baten bidez ematen dio emakumeari.
Zentzu horretan, Osasun Ministerioak ohartarazi du oso arriskutsua dela, oso erraz eskuratu daitekeelako. Amazonen, adibidez.