Itxi

Gizartea

Trantsizio energetikoa

2025erako berriztagarriek ikatzari aurrea hartuko diote argindar iturri nagusi moduan, IEAren arabera

Agentziak | EITB Media

Energiaren Nazioarteko Agentziaren (IEA, ingelesez) txosten baten arabera, 2026rako ekoitziko den argindarraren ia erdia energia garbien eta energia nuklearrari esker erdietsiko da. Energia nuklearrak, gainera, bere ekoizpen marka lortuko du 2025ean.

  • Eguzki plaken instalazio bat.

    Eguzki plaken instalazio bat. EFE

Datorren urtearen hastapenetan energia berriztagarriak izango dira argindarra sortzeko iturri nagusi, ikatzari berari aurrea hartuta, gainera, Energiaren Nazioarteko Agentziaren (IEA, ingelesez) txosten batek aurreikusi duenez. 

Argindar merkatuaren inguruan azterketa egiten du urtero Agentziak. Aurtengo txostenak 2026an jarri du begirada. Urte horretarako, energia berriztagarrien bidez lortutako argindarra % 37ra igoko da (2023an % 30 izan zen), batez ere eguzki energiaren kostuak behera egingo dutelako. 

Ifrentzuan, ikatzaren erabilerak behera egingo du, urtero % 1,7 batez beste, Txinak iragarritako jatsiera tarteko bereziki. Horregatik, berotegi efektuko gasak "egiturazko gainbeheran" daudela ondorioztatu du erakundeak. 

Argindarra sortzeko energia fosilen erabilera % 54ra jaitsiko da 2026an (% 61eko izan zen 2023an), eta hortaz, lehen aldiz, % 60ko langatik behera kokatuko da. 

"Energia sortzeak beste ezein sektorek baino isuri gehiago eragiten ditu, beraz, itxaropentsua da ikustea energia berriztagarriak gora egiten ari direla eta energia nuklearra modu iraunkorrean zabaltzen ari dela", adierazi du Fatih Birol Agentziako zuzendari exekutiboak. 

Ekoizpen nuklearra, markak hausten

Ekoizpen nuklearrak gora egiten jarraituko duela iragarri du Energiaren Nazioarteko Agentziak, 2025ean errekorra ezartzeraino. Aurreikuspenen arabera, orduko 3.000 terawatt ekoizteko gai izango da, Txinan, Indian, Hego Korean eta Europan martxan jarriko diren erreaktoreei esker. Japoniak ere amatatuta zituen hainbat zentral piztuko ditu. 

Hori horrela, 2026rako ekoitziko den argindarraren ia erdia energia garbien eta energia nuklearrari esker erdietsiko da (iaz % 40koa izan zen). 

Argindar eskariak, halaber, gora egingo du, auto elektrikoen salmentak eta bero ponpen instalazioak nabarmen haziko baitira. Iaz % 2,2 hazi zen argindar eskaera mundu mailan, baina IEAren arabera, urteko igoera % 3,4koa izango da 2026ra arte. 

Ildo beretik, datu-zentroek, adimen artifizialak eta kriptotxanponen sektoreak kontsumitzen duten argindar kopuru handiaren ondorioz, kontsumoa orduko 460 terawatt (TWh) izatetik 1.100 TWh-koa izatera igaroko da 2026an, halako bi pasatxo.