Itxi

Gizartea

BERDINTASUNA

Emakunderen Berdintasun Eskola, berdintasun arloan herritarrak prestatzea helburu duen webgunea

EITB Media

Berdintasuneskola.eus webguneak doako 32 ikastaro eskainiko ditu, berdintasunari buruzko hainbat gairi buruzkoak. Gehienak publiko orokorrari zuzendutakoak dira, gutxi batzuk salbu.

  • Emakunderen Berdintasun Eskolaren aurkezpena

    Emakunderen Berdintasun Eskolaren aurkezpena. Argazkia: Irekia

Emakunderen Berdintasun Eskola aurkeztu dute, berdintasunaren arloan herritarrak sentsibilizatzea, prestatzea eta gaitzea helburu duen webgune berria.

Berdintasun Eskola webguneak doako 32 ikastaro eskaintzen ditu, berdintasunari lotutako hainbat gairi buruzkoak: berdintasunari buruzko oinarrizko ikastaroa, ziberfeminismoa, ahalduntze feminista, genero-ikuspegia txertatzea, berdintasunean haztea, emakumeen aurkako indarkeria, berdintasunezko maskulinitateak, ekonomia feminista edo berdintasun planak enpresetan, etab.

Ikastaro gehienak publiko orokorrari zuzendutakoak dira, enpresa, edo kirol erakundeei zuzendutakoak salbu.

Gaur goizean Gasteizen egin den aurkezpenean, besteak beste, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak xehetasunak eman dituzte.

Miren Elgarrestak azpimarratu duenez, web tresna berria bi urte baino gehiagoko prozesu baten emaitza da: "Emakundek aurretik eskaintzen zuen eskaintzaren azterketa egin da, baita beste leku batzuetako prestakuntza esperientziena ere". Horren iritziz, prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren arloan "zentralizatzailea", "erreferentea" eta "estrategikoa" den espazio birtuala osatu dute. Gaineratu duenez, "Emakunderen helburuekin eta egungo arau-esparruarekin bat dator", eta horrez gain, hobekuntza eta proposamen berriak eskaintzen ditu.

Nerea Melgosa sailburuak nabarmendu duenez, herritarrek, enpresek eta erakundeek gero eta interes handiagoa dute genero-ikuspegia integratuko duen prestakuntza lortzeko, eta Berdintasunerako Lege berriak garrantzi handia ematen dio prestakuntzari. Horren arabera,  online eskola berria "jauzi kualitatibo garrantzitsua da kalitatezko prestakuntza lortzeko".