Gizartea
Donostia
San Sebastian jaietako "parte-hartzea, normaltasuna eta bikaintasuna" nabarmendu ditu Donostiako Udalak
EITB Media
Asteburua izanik, jendetza bildu da hiriburuan, eta horrek eragina izan du zerbitzuetan, garbiketan gehienbat; izan ere, jendea kalean ordu txikiak arte ibili denez, garbitasuna mantentzea kosta egin da, bereziki Alde Zaharrean, alkatearen hitzetan.
-
Haurren danborrada. EFE.
San Sebastian jaiak igarota, balorazioa egiteko ordua da, eta Donostiako Udalak balantze "oso baikorra" egin du.
Eneko Goia alkatearen hitzetan, ekitaldi guztiak "normaltasunez eta bikaintasunez" egin dira. Parte-hartzea ere azpimarratu du, inoizko danbor-jotzaile gehien izan duen San Sebastian eguna izan baita aurtengoa.
Asteburuan egokitu denez, jendetza bildu da hiriburuan, eta, eragozpenen bat aipatzekotan, jendetza horrek udal zerbitzuetan izan duen eragina aipatu du Goiak: "Zerbitzu gehiago eman behar izan dira, eta garbitasunean bereziki lan gehiago egin behar izan da, eta, egia esan, kosta egin da Alde Zaharra batez ere garbi mantentzea, zabor kopurua oso handia zelako eta jendea, ordu txikietan, oraindik kalean zebilelako".
Gainerakoan, donostiarrek nahiz bisitariek "egun borobila gozatzeko aukera" izan dutela esan du alkateak, eta haurren danborradako irudi zoragarriak eta Hiritar Merezimenduaren dominen nahiz Urrezko Danborraren zeremoniek eragindako hunkidura nabarmendu ditu.