Itxi

Gizartea

Aurkikuntza

Ikerketa batek covid iraunkorra eragiten duen sistema immunologikoaren akatsa atzeman du

Agentziak | EITB Media

'Science' aldizkariak kaleratutako ikerketaren arabera, gaixoek disfuntzioak dituzte proteina kopuruan, eta horren eraginez, euren erantzun immunologikoa ez da berdina. Aurkikuntzari esker, eritasun horren diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko gai izango direlakoan daude zientzialariak.

  • Covid iraunkorrak neke kronikoa eragin dezake, baina baita luzaroko beste 200 bat sintoma ere.

    Covid iraunkorrak neke kronikoa eragin dezake, baita luzaroko beste 200 bat sintoma ere. PxHere

Koronabirusaren pandemia lehertu zenetik lau urte betetzear direnean, aurkikuntza garrantzitsua egin dute oraindik argitzeke dagoen eritasun baten harira: covid iraunkorra. Covid-19arekin kutsatzen diren pertsonen % 5ek pairatzen dute, epe luzerako hainbat sintoma garatuta. Gehienek neke kronikoa pairatzen dute, eta oraingoz ez dakite zerk eragiten duen eta ez dago tratamendu eraginkorrik. 

Bada, egoera iraul lezakeen aurkikuntza egin berri du Zuricheko Unibertsitateko (Suitza) zientzialari talde batek. Science aldizkarian kaleratutako ikerketa batean erakutsi ahal izan dutenez, covid iraunkorra duten lagunek proteina sare batean disfuntzioak dituzte, eta horrek euren erantzun immunologikoan eragiten du. Hain justu, akats hori izan daiteke gaixotasunaren eragilea. 

Ikerlariek koronabirusak jotako 113 pertsonaren eboluzioa jarraitu zuten urtebetean. Batzuek, 40k, covid iraunkorra garatu zuten; gainerakoek, ez. Horren aurrean, batzuen eta besteen odol analisiak erkatu zituzten, ezberdintasunak alderatzeko. 

Lortutako emaitzak aztertuta konturatu ziren covid iraunkorra zutenek konplementu proteina-multzo handiagoa zutela. Proteina horiek lotura zuzena dute immunitate-sistemaren erantzunean. 

"Covid iraunkorraren kasuetan, konplementu sistema ez da bere onera etortzen, eta aktibatuta jarraitzen du. Horrek gorputzeko zelula osasuntsuei ere egiten die kalte", azaldu du Onur Boyman Zuricheko Unibertsitateko zientzialariak. 

Aurkikuntza horrek gaixotasunaren biomarkatzaile posibleak identifikatu ditu, eta horren diagnostiko eta tratamendua hobetzeko giltza eman dezake.