Itxi

Gizartea

Migrazioa

Migrazio lege berriaren kontra eta elkartasun politiken alde kalera atera dira Hendaian

Aitor Sagarzazu | EITB Media

Frantziako Immigrazio eta Asilo Legea "lege arrazista, xenofoboa eta muturrekoa" dela eta migranteen eskubideak zapaldu eta kanporatzea erraztuko duela uste dute herritar eta elkarte askok, eta haien bizi baldintzetan izango duen eraginaren beldur dira.

Hendaian, protesta egin dute Frantziako immigrazio lege berria salatzeko, hainbat elkarte, alderdi eta sindikaturen babesarekin. Azken 40 urteetako legerik gogorrena dela deitoratu dute, eta ohartarazi dute pertsona migranteak kanporatzea erraztu eta haien bizi baldintzetan eragin nabarmena izango duela.

Frantziako Asanblea Nazionalak berriki onartu duen Immigrazio eta Asilo Legea "lege arrazista, xenofoboa eta muturrekoa" dela salatu dute eguerdian Hendaian egin duten manifestazioan. 

Konstituzio Kontseiluak urtarrilaren 25ean eman behar du iritzia, horren puntu guztiak Konstituzioaren baitakoak diren ala ez zehazteko, baina Etorkinekin elkartea beldur da migranteen oinarrizko eskubideak zangopilatuko ote dituzten.

Ibilbide sinbolikoa egin du protestak: Atxikitze Zentroan hasi dira, lege berriak ia hirukoiztu egin nahi dituelako kanporatze-bidean diren migranteen plazak, eta tren-geltokian bukatu dute, gune hori baita kontrol mailarik handiena duenetako bat.

Berez nahikoa zaila den egoera are gehiago zailduko zaiela uste dute, eta legea bertan behera utzi eta migranteak artatzeko harrera eta elkartasun politika bat bultzatzeko eskatu dute.

Hendaian bezala, Frantziako hainbat herritan egin dituzte protestak, 450 elkarteren deiari erantzunez.