Itxi

Gizartea

EGURALDIA

Jaurlaritzak Neguko Bide-zaintza Plana desaktibatu du, elur-mailak gora egingo baitu

EITB MEDIA

Iragarpenaren arabera, arratsaldean 800-1000 metro ingurura igoko da kota. Biharko goizaldea hotza izango da, eta Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du barnealdean, izotza eta muturreko tenperatura baxuak tarteko.

  • Adarra mendia (Urnieta), zurituta. Argazkia: Imanol Fernandez

    Arratsalderako 1.000 metroan espero da elurra. Argazkia: Imanol Fernandez

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bertan behera utzi du Neguko Bide-zaintza Plana, elur-kota 1.000 metro ingurura igotzea espero baita. Aurrerantzean planaren oinarrizko fasea, Jarraipen eta Berri-emate egoerari dagokiona, bakarrik egongo da indarrean. Izan ere, Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera, elur-maila 800-1000 metro ingurura igoko da arratsaldean. 

Eguerdira arte elurteengatik abisu horian izan da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) barnealdea. 500-600 metrora espero zen elurra, baina gutxi bota du. 

Orduek aurrera egin ahala, euri eta elur denboraleak arintzera egingo du, eta ostiralerako eguzkia nagusituko da, eguneko tenperaturak epelagoak izanik. Alabaina, goizaldea oso hotza izango da, izotza egingo du barnealdeko leku askotan eta tenperatura aurreko egunetan baino gehiago jaitsiko da.

Hala, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du izotza eta muturreko tenperatura baxuak direla eta (00:00etatik 10:00etara). Barnealdean izotz txikia egingo du, bereziki Araban, eta mendi inguruko zenbait lekutan handia izan daiteke, Euskalmeten arabera. 

Goizeko behe lainoa altxatuta, goizean oskarbi geratuko da. Arratsaldean, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituko dira. Hego-osagaiko haize ahula ibiliko da. Eguraldi egonkorrak asteburu osoan izango du segida.