Itxi

Gizartea

INDARKERIA MATXISTA

EKIM webgune berriak indarkeria matxistaren biktimen eskura dauden zerbitzu guztiak bildu ditu toki batean

EITB Media

Halaber, hurrengo pausoa indarkeria matxistaren biktima bakoitzarentzat espediente elektroniko bakarra zabaltzea izango da.

  • EKIM webgunearen aurkezpena

    EKIM webgunearen aurkezpena. Argazkia: Irekia

EKIM (Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxista) webgune berria aurkeztu dute, euskal erakunde publikoek indarkeria matxistaren biktima direnen eskura jartzen dituzten zerbitzuen eta laguntzen inguruko informazioa toki bakarrean kontsultatu ahal izateko.

Aipaturiko ataria Emakundek zuzendutako proiektu baten parte da eta hurrengo pausoa indarkeria matxistaren biktima bakoitzarentzat espediente elektroniko bakarra zabaltzea izango da. Espediente bakarra "lehenbailehen" martxan jartzea espero du Eusko Jaurlaritzak, beti ere, hauteskundeak tartean daudela kontuan hartuta.

Asteazken honetan Bilbon egin den aurkezpenean, besteak beste, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak parte hartu dute.

Agerraldian Melgosak azaldu duenez, webgune espezializatu horren helburua biktimen eta horiek artatzen dituzten profesionalen eskariei erantzutea da.

Melgosak nabarmendu duenez, "Euskadin indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko sistema publikoa hainbat erakunderen zerbitzuek eta prestazioek osatzen dute, eta zerbitzuetara sartzeko ateak, beraz, anitzak dira, eta horrek abantaila bat dakar arreta pertsonalizatzeko, baina, aldi berean, koordinazioari arreta berezia ematea ere eskatzen du, arreta integrala izateko eta birbiktimizaziorik ez gertatzeko".

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren arabera, administrazio publikoek indarkeria matxistaren jasaten duten emakumeen eskura jartzen dituzten prestazio eta zerbitzuen "mapa" moduko bat da. Horren esanetan, "ikuspegi orokorra eskaintzen du, zerbitzu horiek nork eskaintzen dituen alde batera utzita, laguntza bilatzen
duenak ez baitu zertan jakin administrazioen arteko eskumen banaketa" zein den.