Itxi

Gizartea

itsas kutsadura

Jaurlaritzak Larrialdi Plan Berezia aktibatu du, alerta fasean

EITB MEDIA

Arantxa Tapia sailburuaren hitzetan, isuria ezin da "Prestige" ontziak eragindakoarekin alderatu, baina plastikoen arriskuaz ohartarazi du. Epe laburrean behintzat ez da espero plastiko pinportak gure uretara heltzea, ekialdeko eta ipar-ekialdeko haizeek "eragotziko" baitute.

1:48
Arantxa Tapia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bitartez, "Itsasertza", Itsas Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia, jarri du martxan, Galiziako eta Asturiasko kostaldean azaldu diren pelletak Bizkaira eta Gipuzkoara irits daitezkeela eta. 

Planaren alerta fasea da aktibatu dutena. Fase horretan, itsas kutsadurari aurre egiteko beharrezkoak diren neurri eta bitartekoak antolatzen dira. Egitasmoaren aholku batzordea datozen orduetan bilduko da, antolaketari ekiteko. 

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eskatuta, Kantauri Itsasoaren azken hilabeteko egoeraren azterketa egin du AZTI zentro teknologikoak. Pelleten isuria jazo zen egunetik (abenduaren 8a, Portugalgo uretan) urtarrilaren 8ra doan tartean, itsasoaren baldintzen monitorizazioa eta hainbat simulazio egin dituzte adituek. Horietan jasotakoaren arabera, "oraingoz behintzat" plastikozko pinportek "ez dute eraginik izan gure kostaldean". Are gehiago, epe laburreko aurreikuspenei begiratuta ere, ez dirudi helduko direnik. Ekialdeko eta ipar-ekialdeko haize boladek etorrera "eragotziko" lukete, betiere AZTIren arabera. 

Gobernu bileraren osteko agerraldian, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak iragarri du plana martxan jartzeko erabakia. Horren esanetan, isuri hau ezin da "Prestige ontziak eragindakoarekin inondik inora alderatu", marea beltzak Kantauriko itsasertza guztiari eragin zion eta. "Hau ez da txapapotea, baina plastikoa da, eta plastikoa ez da urteetan desagertzen", argitu du. 

Arriskuen artean, honakoak aipatu ditu Tapiak: arrainek eta hegaztiek plastikozko bolatxoak janariaren nahas ditzakete, eta horiek kopuru handian janda, asebeteta senti daitezke, eta baliteke bestelako elikagaiak ez bilatzea eta gosez hiltzea. Mikroplastikoak kopuru txikian janda ere, badago arriskurik: plastikook elikadura katean sartuko liratekeelako, gizakiontzat arriskutsu bihurtuta. 

Isuriari garrantzia kendu gabe, plastiko horien "toxikotasuna txikia edo ia toxikotasun gabea" dela argitu du Tapiak.  

Pelletak itsaso zabalean biltzen saiatuko da Eusko Jaurlaritza, bere garaian txapapotearekin egin zuten bezala (arrantzaleak izan zituen orduan, lagun). "Teknologia badago, baina zaila da, materialak dentsitate txikia duelako, eta haizea eta mareak tarteko, ia ikusezina bihurtzen baita", adierazi du. 

Hori horrela, liteekena da zati bat behintzat kostaldera heltzea. Une horretatik aurrera, "garbiketa mekanismo guztiak" jarriko dira martxan plastikoa ahalik eta arinen biltzeko. Pelletak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldera noiz iritsiko diren galdetuta, "oso zuhur" azaldu da sailburua, baina AZTIren azterketei erreparatuta behintzat, epe motzean halakorik gertatuko ez dela aurreratu du. 

"Itsasertza"

"Itsasertza" plan bereziaren helburua da pertsonak, ondasunak eta ondare kolektiboa babestea, itsas kutsadura tarteko, arrisku kolektibo larri, hondamendi eta lazeria publikoko egoeren aurrean. EAEko kostalde osoa hartzen du planak, eta bi eremutan dago banatua: Bizkaia eta Gipuzkoa. 

Planean arriskuen analisia egiten da, eta horren baitan baldintza meteorologikoen, ozeanografikoen eta ingurumenekoen araberako kutsadura-arriskuak ebaluatzen dira. Horrez gainera, instalazioen ezaugarriak eta horien baldintza operatiboak ere aztertzen dira, horrela badagokio eremu kalteberenak identifikatuz, aplikazio-eremuaren barruko zonako sentikortasun-mapen bidez, plana aktibatzen den egoeretan eremu horiek babesteko.