Itxi

Gizartea

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Osasun Ministerioak musukoaren erabilera inposatu dezake baldintzak betetzen badira, Subijanaren arabera

O. A. | EITB Media

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak azaldu duenez, erregimen autonomikoaren barruan dagoen "aginduzko koordinazioa" izeneko lege aurreikuspenak aukera ematen dio Espainiako Gobernuari autonomia erkidegoei erabaki bat ezartzeko.

  • Iñaki Subijana Radio Euskadin

    Iñaki Subijana Radio Euskadin

Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak azaldu duenez, Espainiako Osasun Ministerioak ospitaleetan eta osasun etxeetan maskara ezartzera behartu ditzake autonomia erkidegoak. Horren esanetan, erregimen autonomikoaren barruan dagoen "aginduzko koordinazioa" izeneko lege aurreikuspenak aukera ematen dio Espainiako Gobernuari autonomia erkidegoei erabaki bat ezartzeko. Edozein kasutan, zehaztu du legeak ezartzen dituen baldintza bete behar direla horretarako.

Espainiako Osasun Ministerioak osasun zentro guztietan musukoa ezartzera behartuko ditu autonomia erkidegoak, asteazkenetik aurrera, Osasun Sistemaren kohesioa eta kalitatea bermatzeko legearen 65. artikuluaren bitartez.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan Subijanak azpimarratu duenez, autonomia erkidegoak erabaki bat hartzera behartzeko araudia badago. Horren esanetan, bi aukera daude: batetik, Lurralde arteko Osasun Batzordean autonomia erkidegoak ados jartzea; bestetik, kasu honetan Osasun Ministerioak aplikatuko duen "aginduzko koordinazioa" ezartzea.

Bestalde, erabakiaren aurka helegitea aurkeztu daitekeela onartu du, ikusi beharko baita lege hori aplikatzea ahalbidetzen duten baldintzak betetzen diren. Hortaz, Osasun Ministerioak "lege horren artikulu zehatz hori aplikatzea" justifikatzen duten elementuak badauden ala ez egiaztatu beharko dela uste du.

Plastikozko bolatxoen isuriaz galdetuta, "hipotetikoki" ingurumen delitua egon daitekeela onartu du Subijanak.

Epaitegi batek Donostian udaltzain izateko euskara jakitea ez dela beharrezkoa ebatzi eta biharamunean, epaileen eta auzitegien aldetik sentsibilitate faltarik ez dagoela nabarmendu du. Horren ustez, EAEko auzitegiak euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea aplikatzen ez direnaren irudia zabaltzen ari da, "eta hori ez da horrela". Subijanak ez du uste lege esparruak huts egiten duenik, eta auziaren muina interpretazioan dagoela gaineratu du.