Gizartea
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Plastikozko pelletak, musukoa osasun zentroetan eta izotza barnealdean
EITB MEDIA
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
-
Hainbat lagun, pelletak batzen Galiziako hondartza batean. Argazkia: EFE
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko urtarrilak 9, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Plastikozko pelletak: Eusko Jaurlaritza "ekintzarako mekanismoak" diseinatzen ari da plastikozko pelletak Euskadiko kostaldera iristeko mehatxuaren aurrean, kutsadura Galiziatik Asturiasera hedatu ondoren. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak azaldu duenez, erantzuteko mekanismo horiek Gobernuak jarriko lituzke martxan, "behar izanez gero, arrantzaleen kofradien federazioekin lankidetzan".
- Musukoa osasun zentroetan: Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak Estatu osoko osasun zentro guztietan musukoa ezartzera behartuko ditu autonomia erkidegoak, azteazkenean. Antza denez, Osasun Sistemaren kohesioa eta kalitatea bermatzeko legearen 65. artikuluaren bitartez ezarriko du Espainiako Gobernuak musukoaren erabilera.
- Izotza barnealdean: Euskadin abisu horia ezarri dute gaurko hotzagatik. Bereziki, Araba astindu du hotz boladak gauerdian, Euskalmetek jakinarazi duenez. Iturrietan (Agurain), esaterako, -6,2 gradu zeuden 07:00etan.