Itxi

Gizartea

INGURUMENA

Fiskaltzak ikerketa abiatuko du Galiziako kostaldean barreiatu diren plastikozko bolak direla eta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Alderdi Popularrak gidatzen duen Galiziako Xuntak itsas kutsaduragatik alerta maila igotzeari uko egin diola jakin ondotik iritsi da Fiskaltzaren erabakia. Plastikozko pinporten isuria Asturiasko kostaldera iritsi da dagoeneko.

  • Milaka plastikozko bolatxo, gaur, Galiziako hondartza batean.

    Milaka plastikozko bolatxo, gaur, Galiziako hondartza batean. Argazkia: EFE

Estatu espainiarreko Ingurumen alorreko Fiskaltzak izapideak zabaldu ditu, Galiziako kostan barreiatu den mikroplastikoen isuria ikertzeko. Itsasontzi batetik isuritako plastikozko pinportak Asturiasko itsasertzeraino iritsi dira.

Abenduaren 8an, Portugalgo uretan, Viana do Castello parean (iparraldea), zebilela Toconao itsasontziak milioika pelletekin betetako sei edukiontzi galdu zituen. Urte amaieran milaka plastikozko bolatxo azaldu ziren Galiziako kostaldean, eta alerta fasearen lehen maila (larritasun txikiko egoeretarako aurreikusita dagoena) ezarri zuen Xuntak urtarrilaren 5ean. 

Itsasontziaren armadoreak emandako datuen arabera, itsasora eroritako edukiontziak plastikozko bolatxoen mila zaku zituen; 25.000 kilo inguru plastiko izan litezke itsasora eroritakoak. Txingor ale moduko pinportak dira eta plastikoa egiteko erabiltzen dira.

Talde ekologistak oso kezkatuta agertu dira egoerarekin, eta berehala hasi dira antolatzen; dozenaka boluntario lanean ari dira, plastikoak erretiratzen.

Alerta maila igotzeari uko egin dio Galiziak

Bien bitartean, Angeles Vazquez Galiziako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Ingurumen kontseilariak jakinarazi du Xuntak baztertu egin duela alerta maila 2. fasera igotzea. Gainera, pelletak biltzea "modu ordenatuan" egiteko deia egin du. Haren hitzetan, plastikozko bola txikiak "ez dira toxikoak, ezta arriskutsuak ere". Dena dela, onartu du plastikoa denez, "hondartzetatik kendu behar" dela. 

Bere aldetik, Alejandro Calvo Asturiasko Gobernuko Sustapen, Toki Kooperazio eta Suteei aurre egiteko kontseilariak Istripuzko Itsas Kutsadurari aurre egiteko Lurralde Plana (Placampa, gazteleraz) aktibatu du gaur, bere kostaldean (ekialdea, Galiziatik gertu) mikroplastikoak azaldu direla eta. 

Euskal kostaldera, "datozen asteetan"

Oraingoz, ez da plastikoen arrastorik agertu euskal kostaldean, baina Oihane Cabezas-Basurko AZTI zentro teknologikoko ikertzaileak ohartarazi du litekeena dela pelletak aste gutxi barru euskal kostaldera iristea.