Gizartea
DESAGERTUTAKO PERTSONAK
Hamar urte igaro dira Borja Lazaro argazkilaria Kolonbian desagertu zenetik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
34 urte zituela ikusi zuten azken aldiz. Eusko Jaurlaritzak haren omenezko ekitaldi batean parte hartuko du eguerdian, eta bertan izango dira desagertuaren senideak ere.
-
Borja Lazaro, argazkilaritza gustuko zuen ingeniari informatikoa. Artxiboko irudia: EITB MEDIA
Igande honetan hamar urte betetzen dira Borja Lazaro argazkilaria Kolonbian desagertu zenetik. Orduz geroztik, ez da ezer jakin inguru hartan argazki erreportaje bat egiten ari zen gazteaz.
Eusko Jaurlaritzak haren omenezko ekitaldi batean parte hartuko du eguerdian, eta bertan izango dira desagertuaren senideak ere. Elkarretaratzea Gasteizen egingo da, Urrezko Zeledonen plazan, 12:30ean, eta bertan izango dira Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Rodrigo Gartzia Azurmendi Segurtasun sailburuordea eta Hugo Prieto Ertzaintzaren ordezkaria Desagertuen Espainiako Zentroan.
Borja Lazaro, argazkilaritza gustuko zuen ingeniari informatiko gasteiztarra, 34 urte zituela ikusi zuten azken aldiz, 2014ko urtarrilaren 7ko gauean, La Guajirako (Kolonbia) El Cabo de la Vela kostaldeko ostatu batean.
Haren senideek eta lagunek zer gertatu zen jakiteko itxaropena dute. Desagertu aurretik, edari batzuk hartu zituen turista talde baten ondoan.
Berarekin zeramatzan gauzak (argazki-kamera eta pasaportea, besteak beste) ostatu hartuta zegoen establezimenduan aurkitu zituzten.
Kolonbiako Poliziak hainbat hipotesi aztertu ditu urte hauetan, baina batek ere ez du jarraipenik izan, eta gaur egun ez dakite zer gertatu zitzaion Lazarori.