Gizartea
EGURALDIA
Urteko lehen abisu horiak elurragatik, ostiraletik aurrera, EAEn eta Nafarroan
O. A. | EITB Media
Errege Magoen desfileei begira, euria egingo du eta zenbait tokitan ekaitza eta txingorra ere egin dezake.
-
Elur panpina. Artxiboko argazkia: Giovanna Santamaria Martin
Errege Magoen iritsierarekin eguraldiak okerrera egingo du, eta hotza, euria eta elurra izango dira nagusi datozen egunetan bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita Nafarroan ere.
Ostiralean Euskal Herriko hainbat txokotan egingo diren Errege Magoen desfileei begira, euria egingo du eta zenbait tokitan ekaitza eta txingorra ere egin dezake. Euria erruz egingo du, Nafarroako Erriberan salbu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak elurrari dagokion abisu horia ezarriko du ostiral gaueko bederatzietatik hasita eta larunbat osorako. Larunbatean, elur maila 700 metroraino jaitsiko da.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, ostiralean elurraren maila 1000-1100 metro inguruan egongo da arratsaldean eta gauean 900-1000 metrora jaitsiko da.
Larunbatean elur-kota 800-1000 metro inguruan egongo da; egunak aurrera egin ahala 700-900 metrora jaitsiko da eta noizbehinka beherago ere egin dezake.
Bestalde, ostiral eguerditik larunbat goizeko bederatziak arte abisu horia indarrean egongo da Bizkaian eta Gipuzkoan, prezipitazio handiak espero baitira. Zaparradak sarriagoak eta ugariagoak izango dira eguerditik aurrera eta ipar isurialdean ekaitza eta txingorra ere egin dezake
Nafarroa
Nafarroan, berriz, abisu horia ezarri du AEMETek, Estatuko meteorologia agentziak, ostiral honetarako Kantauri isurialdean eta lurraldearen erdialdean, eurite handiak egin ditzakeelako.
Hasiera batean, goizeko lehen zatian espero ziren prezipitazioak eta egunean zehar gutxitzen joango zela uste zen. Iragarpena aldatu egin da, ordea, eta arratsaldean ere euria egitea espero da.
Horrez gainera, elurragatik ere abisu horia ezarriko du AEMETek lurralde osoan, Erriberan izan ezik ostiraleko 18:00etatik aurrera.
Euriagatik zein elurragatik ezarritako abisu hori hauek larunbat egun osoan ere indarrean egongo dira.
Ipar Euskal Herria
Oraingoz, Meteo Francek ez du inolako abisurik ezarri Ipar Euskal Herrirako.