Gizartea
Delituak
Gizon bat atxilotu dute Donostian, Zarauzko etxebizitza batean lapurreta egin izana leporatuta
Agentziak | EITB media
Abenduaren 25ean, Zarauzko etxe batean hainbat bitxi lapurtu zituztela salatu zuten, eta Ertzaintzak egileetako bat identifikatu du. Lapurreta horren hainbat irudi zeuden sare sozialetan, eta horrek nolabaiteko "alarma soziala" eragin du kostaldean.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen ostegunean Donostian, astelehenean, abenduaren 25ean, Zarauzko (Gipuzkoa) etxebizitza batean egindako bitxi-lapurreta baten ustezko egileetako bat delakoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxiloketaren unean gizona Donostiako hainbat ataritan kuxkuxean zebilen, eta sarrailak irekitzeko materiala zuen.
Abenduaren 25ean, Zarauzko etxebizitza horretan hainbat bitxi lapurtu zituztela salatu zuten. Lapurreta horren hainbat irudi zeuden sare sozialetan, eta horrek nolabaiteko "alarma soziala" eragin du kostaldeko herrian.
Ertzaintzak orduan hasitako ikerketari esker, lapurretaren ustezko egileetako bat identifikatu dute. Ostegunean atxilotu zuten, Donostian, Amara auzoko hainbat atari eta etxebizitza inguruan kuxkuxean zebilela.
Susmagarriak sarrailak irekitzeko hainbat giltza zituen gel pote huts batean ezkutatuta, baita faltsututako pasaporte bat ere. Atxilotuak (39 urte) polizia-aurrekariak ditu, eta Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute larunbat honetan.