Itxi

Gizartea

Heriotza

Nikolas Segurola fraide, artzain eta bertsolaria hil da

EITB Media

Azpeitiko Matxinbenta auzoan jaioa, oso gazterik joan zen Arantzazura, eta ia 70 urte egin zituen bertan, baserri lanetan buru-belarri; Arantzazuko artzain-eskolaren sortzaileetako bat izan zen.

  • Nikolas Segurola. Argazkia: EITB

    Nikolas Segurola. Argazkia: EITB

Nikolas Segurola fraide, artzain eta bertsolaria hil da. 1939an Azpeitiko Matxinbenta auzoko Largarate Goikoa baserrian jaioa, 11 neba-arrebetatik zortzigarrena zen bera. Ardiekin zoriontsu zen baserrian, baina berak hala erabakita, Arantzatzura joan zen, ardiak negar zotinka agurtuta.

12 urterekin iritsi zen Arantzazura, 1951n, fraide ikasketak egitera, baina meza emateko inolako asmorik gabe.

Ia 70 urte egin zituen Arantzazun, eta gustura ibili zen Gomiztegi baserriko abelburuekin. Arantzazun zeuden fraideentzat jatekoa sortzea zen Gomiztegiren zeregina, baina urteek aurrera egin ahala, bestelako eskola profesionalak sortzen hasi ziren, eta fraide kopurua nabarmen murriztu zen Arantzazun. Hala, Gomiztegirekin zer egin aztertu behar izan zuten. Azterketak eginda, ordura arteko behi, txerri eta oiloak kendu eta ardiak jartzea erabaki zuten, Segurolaren pozerako, eta hor landatu zen Arantzazuko artzain-eskolaren hazia.

2016an, Nikolas Segurola: Fraide, artzain eta bertsolari omenaldi liburua plazaratu zen. Iñaki Beristain zenak haren alde erlijiosoa landu zuen, Eduardo Urartek haren artzain bizimodua eta Xabier Euzkitzek bertsolaritzari zegokiona; izan ere, hori guztia zen Nikolas Segurola, eta hala aipatzen zuen berak ere: bokazioz fraide, lanbidez artzain eta zaletasunez bertsolari zela.

Zaletasunaren harira, mila bertso baino gehiago zituen eginda, eta Arantzazuko liburutegian daude gordeta. 

2020ko urtarrilaren 26an, "Baserritarron laguna" saria jaso zuen.