Gizartea
Garraio publikoa
Renferen aldiriko eta distantzia ertaineko abonu berriak, erosgai
Agentziak | EITB Media
Abonuek abenduaren 30etik apirilaren 30era arte izango dute balioa. Renfe Aldiriak aplikazioaren bidez eros daiteke, edo, Distantzia Ertaineko eta Avant abonuen kasuan, Renferen webgunearen bidez.
-
Muskizgo Renferen Aldiriak.
Gaur, larunbata, jarriko dira salgai Renferen Aldiriko trenen eta Distantzia Ertaineko trenen doako abonu berriak, apirilaren 30era arte bidaiatzeko balioko dutenak. Halaber, Espainiako Gobernuak hiriarteko eta distantzia luzeko autobus lineetarako doako abonamenduak saltzeko baldintzak ezarri ditu gaur.
Ministroen Kontseiluak 2024rako doako abonuak asteazkenean onartu ondoren, Renfek ostiral honetan iragarri du larunbatean hasiko dela 2024ko lehen lauhilekorako indarrean egongo diren abonuen salmenta. Gaur egungoek, beraz, ez dute balioko larunbat honetatik aurrera.
Abonuak Renfe Aldiriak aplikazioaren bidez erosi ahalko dira, edo, Distantzia Ertaineko abonuen (horiek ere doakoak) eta Avantekoen kasuan (zerbitzu publikotzat jo diren beste ibilbide batzuen kasuan bezala % 50eko deskontua dute), Renferen webgunearen bidez.
Abonuak eskuratzeko, 10 euroko fidantza jarri behar da Aldirietako, Rodalieseko eta hurbileko zerbitzuetarako, eta 20 eurokoa, Distantzia Ertaineko zerbitzuetarako.
Txartel bidezko ordainketak fidantza lauhilekoaren amaieran automatikoki itzultzea ahalbidetuko du, lau hilabete horietan bete beharreko baldintza (16 joan-etorri egitea) bete dela egiaztatutakoan.
Erabilera ona sustatzeko neurriak indartzea
2024an, Renfek Distantzia Ertaineko zerbitzuetan eta Avant zerbitzuetan abonuen erabilera irregularra saihesteko ekimenak areagotuko ditu; izan ere, "oraindik ere, herritar guztiei neurri horietaz gozatzea eragozten dien erabilera irregularrak detektatzen dira".
Horrela, Distantzia Ertaineko ibilbideetan, Renfek oraingo 10 minutuetatik ordubetera luzatu du erreserba formalizatzeko edo, bidaia egin ezean, bertan behera uzteko denbora. Egiten ez bada, hurrengo 30 egunetan abonu gehiago eskuratzeko eskubidea galduko da.
Enpresa, halaber, neurri gehigarriak prestatzen ari da Avant Distantzia Ertaineko Abiadura Handiko Trenentzat. Martxoaren 1ean sartuko dira indarrean, eta, aldi berean, ausazko kontrolak egitea aurreikusten du, hobaridun tituluak modu egokian erabiltzen direla egiaztatzeko.
Estatuko autobusen doakotasuna
Bestalde, Garraio Ministerioak ostiralean argitaratu du Estatuaren titulartasuneko autobus-lineatan 2024 osoan doakotasuna ezartzeko baldintzak ezartzen dituen ebazpena.
Hala, autobus-emakida guztien jatorri eta helmuga bakoitzerako titulu multibiaje bat (abonu bat) sortu dute. Titulu hori doakoa izango da ohiko bidaiarientzat, eta ez du mugarik izango erabiltzaile bakoitzak 2023an ezarritako sistemarekin bat etorriz egin ditzakeen joan-etorrien kopuruan; trenek bezala, lau hilabeteko indarraldia izango dute abonu horiek.
Bidaiak ohiko moduan formalizatu behar dira, eta fidantzak 20 eta 65 euro artekoak dira, ibilbidearen arabera. Abonuak pertsonalak eta besterenezinak dira, eta erabiltzaile bakoitzak abonu bakarra erosi ahalko du hiruhileko bakoitzean. Estatuaren titulartasuneko autobus-lineen enpresa emakidadun bakoitzak salduko ditu.
Iruzurrezko erabilerak saihesteko, hainbat arau ezarri dira, hala nola eguneko joan-etorriko bidaia bat baino ezin dela formalizatu (ez bada aurrenekoa aldez aurretik ezeztatu) eta ezeztapenak gutxienez bidaia izan baino 24 ordu lehenago egin beharko direla.
Nolanahi ere, enpresa emakidadunak epe hori murriztu ahal izango du ibilbide laburretan, joan-etorri gehienak nahitaezko mugikortasunaren ondorio direnean.