Itxi

Gizartea

Garraio publikoa

Gipuzkoak gutxienez % 20ko hobaria mantenduko du Mugi txartel pertsonalizatuetan

Agentziak | EITB Media

Horrela, txartel anonimoak, hasiera batean, deskontuetatik kanpo geratzen dira. EH Bilduk gogor kritikatu du EAJk eta PSE-EEk erabaki horrekin "zaurgarrienei bizkarra ematea".

  • Lurraldebus autobusak. Irudia: Lurraldebus

    Lurraldebus autobusak. Irudia: Lurraldebus

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak datorren urtean Mugi txartel pertsonalizatuen tarifetan gutxienez % 20ko hobaria mantentzea erabaki du, eta anonimoak, berriz, hasiera batean, deskontu horietatik kanpo geratuko dira.

Erakundeak 2024ko tarifak eguneratzeko bilera egin du gaur, baina baliteke aldaketaren bat izatea asteazken honetan Espainiako Gobernuak inflazioa arintzeko onartuko duen dekretuan jasotako neurriak ezagutzen direnean.

EAJk eta PSE-EEk, administrazio nagusietako gobernuetan bazkide diren alderdiek, joan den urrian erabaki zuten 2024an garraio publikoarentzako hobariari eustea, inflazioaren eta erregaien igoeraren ondorioz aplikatzen hasi baitzen.

Hain zuzen ere, bi alderdiek adostu zuten "egoeraren arabera" garraio txartel pertsonalizatuen eta bonuen tarifetan % 20ko hobaria 2024ra zabaltzea, nahiz eta Espainiako Gobernuak neurri hori kentzeko erabakia hartu. Izan ere, Espainiako Gobernuak txartelari edo tituluaren kostuari % 30eko ekarpena egiten dio, eta neurria berriro onartuz gero, osagarria izango litzateke, orain arte bezala.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak hartutako erabakia kritikatu du EH Bilduk, "EAJk eta PSE-EEk txartel anonimoa deskontuetatik kanpo utzi dutelako". Jeltzaleek eta sozialistek erabaki horrekin "zaurgarrienei bizkarra" ematen dietela salatu du koalizio subiranistak.

Bere ustez, "garraio publikoaren aldeko apustuan aurrera egiteko aukera galdu da", izan ere, % 20ko deskontua "kudeaketaren ikuspegitik onartu da, eta ez mugikortasun kolektiboaren eta trantsizio ekologikoaren aldeko neurri sendo gisa".

Zentzu horretan, EAJk eta PSE-EEk Mugi sistemaren txartel anonimoari "beherapenik ez aplikatzea" erabaki dute, eta "neurri honekin gizartearen segmentu zaurgarriena kaltetuta geratuko da". EH Bilduk salatu duenez, erabaki horrekin "tarifen hobarien politikak atzerakada handia jasan du eta, batez ere, gure gizarteko pertsona behartsuenei eragiten die".