Itxi

Gizartea

Sutea

Balmasedako etxebizitza eraikin batean gertatutako sutea zirkuitulabur batek eragin omen zuen

EITB Media

Alkateak aurreratu du "luze" joko dutela eraikina birgaitzeko lanek, "sei-zortzi hilabete edo beharbada urtebete beharko dute, horretarako".

  • Sutea gertatu zen eraikina

    Sutea gertatu zen eraikina. Argazkia: EFE

Balmasedako alkate Alfonso San Vicentek esan duenez, Bizkaiko aipatu udalerriko etxebizitza eraikin batean iragan astean izandako sutea zirkuitulabur batek eragin zuen. Gaur bertan, bizilagunek beren etxeetara sartzeko aukera izango dute, handik nahi dituzten gauzak hartzeko.

Radio Euskadin adierazi du San Severino plazan piztutako sua ezin izan zutela 02:00ak arte itzali. Guztira, hamaika familia atera behar izan zituzten egurrezko egitura duen eraikin horretatik.

Suaren jatorriari dagokionez, zehaztu du suhiltzaileek esandakoan oinarrituta, ondoriozta daitekeela ganbaretan piztu zela sutea, zirkuitu labur baten ondorioz, nahiz eta informazio hori ez dagoen "guztiz baieztatuta".

Gaur bertan udal teknikariak eraikinaren egoera aztertzera joan dira, eta behealdean dauden lokaletako (ile apaindegi bat eta estanko bat) jabeekin batu dira.

Alkatearen hitzetan, lehen, bigarren eta hirugarren solairuetako estrukturak ez du "kalte larririk" izan, halere, sua itzaltzeko behar izan duten ur kopuru handiak eraikinean dauden establezimenduetako salgaiak kaltetu ditu, eta, hortaz, ezingo dituzte denda horiek denboran zabaldu. Asmoa da beste lokalen batera lekualdatzea, eraikina birgaitzen duten bitartean.

Alkateak aurreratu du "luze" joko dutela eraikina birgaitzeko lanek, "sei-zortzi hilabete edo beharbada urtebete beharko dute, horretarako".