Gizartea
Ingurumena
Buruzai parke eolikoaren proiektua geldiarazteko eskatu dute gaur Azpeitian
EITB Media
Capital Energy enpresaren Buruzai proiektua ofizialki aurkeztu dute jada; abenduaren 15ean argitaratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta, horrela, hilabeteko epea zabaldu zen proiektuari helegiteak aurkezteko. Hain zuzen, horretarako deia egin diete udalei eta herritarrei.
-
Agerraldia Azpeitiko plazan. Argazkia: Sañu Bizirik.
Azpeitian, agerraldia egin dute gaur Sañu bizirik! eta Oletan ere ez! taldeek, Oleta eta Izazpi inguruetan eraiki nahi duten parke eolikoaren proiektua geldiaraztea eskatzeko.
Capital Energy enpresaren Buruzai proiektua ofizialki aurkeztu dute jada; abenduaren 15ean argitaratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta, horrela, hilabeteko epea zabaldu zen proiektuari helegiteak aurkezteko.
Proiektu eolikoaren aurrean administrazioek izandako isiltasuna salatu dute bi elkarte horietako kideek, Azpeitiko plazan egin duten agerraldian. Hain zuzen ere, "orain arte isilik egon diren" Azpeitiko eta Azkoitiko udalei dei egin diete "berandu baino lehen" ekiteko.
20 MW-eko parke eoliko horrek Ezkio-Itsasoko, Zumarragako, Azkoitiko eta Azpeitiko lurrak hartu, eta 200 metroko garaiera izango duten 5 MW-eko lau aerosorgailu izango ditu, aurreikuspenen arabera: bi aerosorgailu Izazpi aldean, beste bi Oleta inguruan, eta, horrez gain, Izazpi, Samiño eta Oleta arteko mendi-gain osoa zeharkatuko lukeen pista bat egingo nahi dute bi eremuak lotzeko.
Sañu bizirik! eta Oletan ere ez! taldeek salatu dutenez, "kaltea betiko" egingo zaio mendiari. "Klima larrialdiak denok kezkatzen gaitu, baina ez gaituzue honekin nahastuko. Proiektu hauek energetiken poltsikoak betetzeko eginda daude", salatu dute, eta gaiak benetan kezkatuz gero "deshazkundearen bueltan hartuko diren neurriei buruz" hitz egingo litzatekeela gaineratu dute.
Udalei ez ezik, herritarrei ere dei egin diete alegazioak aurkeztea eta mobilizatzea eskatzeko.