Gizartea
Sutea
Balmasedako eraikin bateko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte, teilatuak su hartu ondoren
EITB Media
Bizilagunak ezingo dira etxera itzuli datozen egunetan, teilatua erabat hondoratuta geratu baita.
Balmasedako (Bizkaia) San Severino plazan dagoen lau solairuko eraikin bateko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte ostiral gauean, eraikinaren teilatuak su hartu ostean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Sua 21:10 aldera piztu da, eta Zallako eta Uriosteko suhiltzaileak aritu dira sugarrak itzaltzeko lanean.
Suhiltzaileak goizaldeko ordu biak arte izan dira sua itzaltzen. Eraikinak kalte handiak dituela jakinarazi dute, egitura egurrezkoa baitu. Hala ere, inor ez da zauritu.
Alfonso San Vicente herriko alkateak esan du zaila izango dela bizilagunak datozen egunetan etxera itzultzea, teilatua "erabat hondoratuta" geratu delako.
San Vicentek esan du litekeena dela sua ganbararen batean piztu izana, eta zehaztu du suaren eta suhiltzaileek hura itzaltzeko erabilitako uraren ondorioz, bizilagunak "denbora batez" ezingo direla etxera itzuli.