Itxi

Gizartea

Ipar Euskal Herria

Ziburun ontzi bat hondoratu ostean desagertutako bi lagunak bilatzeko lanak, bertan behera

EITB Media

30 eta 58 urteko bi gizonezko dira desagertutakoak. Beste bat, 40 urtekoa, ontziko patroia bera, goizaldeaan aurkitu dute, eta Baionako ospitalera eraman dute.

0:33
Ezbeharra izan den lekua. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Bertan behera utzi dituzte bart Zokoako dikea jo ostean hondoratutako ontziarekin batera desagertutako bi lagunak bilatzeko lanak. 

Goizaldeko 02:30 inguruan izan da ezbeharra. Arcachonen abiatutako ontziak Ziburu zuen helmuga, baina ipar-mendebaldeko haize bortitza eta olatu zakarren ondorioz, 200 bat metro desbideratu da. Zokoako dikea jo du eta hondoratu egin da. 

Hiru lagun zihoazen ontzian: desagertutako bi arrantzaleak, 30 eta 58 urtekoak, senegaldarrak biak, eta 40 urteko patroia. Azken hori hipotermia zantzuekin atera dute uretatik goizaldean, eta Baionako ospitalera eraman dute. 

Bilaketa eta erreskate operazio handia izan da martxan ostiral arratsaldeko lehen ordura arte, bi dozena suhiltzaile, bi helikoptero eta erreskate ontzi bat aritu baitira desagertuen bila. 

Goizean, Eneko Aldana Ziburuko alkateak goizean Euskadi Irratiari azaldu dionez, orduek aurrera egin ahala "gero eta gutxiago" dira desagertutako arrantzaleak bizirik topatzeko esperantzak. Lehen arrantzalea erreskatatu dutenean, hipotermiak jota zegoela azaldu du, eta "ura 12 graduan dagoela eta dagoeneko ordu batzuk igaro direla kontuan hartuta, itxaropenak urriak dira", esan du.

Erreskate taldeak, Ziburun. Arg: Andoni Lizeaga.

Erreskate taldeak, Ziburun. Argazkia: Andoni Lizeaga.