Itxi

Gizartea

GABONETAKO LOTERIA

Partekatutako dezimoak whatsappez bidaltzea ez da nahikoa... zein da modurik egokiena?

IKER GOMEZ | EITB MEDIA

Gero eta ohikoagoa da dezimoak lagun-taldean edota senitartekoen artean erostea, eta zenbakiak partekatzea. Ez da nahikoa, baina, zenbakia whatsappez bidaltzea saria kobratzerako orduan arazoak sahiesteko.

  • whatsapp aplikazioa, sakeleko telefono batean

    whatsapp aplikazioa, sakeleko telefono batean. Argazkia: Eitb Media

Olatz Mancebo Kutxabankeko banka pertsonaleko zuzendariak azaldu duenez, dezimo bat partekatzea erabaki duten pertsonen artean "kontratu pribatu bat" sinatzea "ezinbestekoa" da. "Dena ondo zehaztu behar da", azpimarratu du.

Horrela, loteria-administrazio batean erosi badugu, egokiena dezimo hori partekatzen duten pertsona guztien izen-abizenak eta NANak biltzen dituen dokumentu bat egitea izango litzateke, baita pertsona bakoitzak jokatzen duen zenbatekoa ere.

Azken urteotan dezimoak online erosi, eta dezimo horien argazkiak gainerako parte-hartzaileei whatsappez bidaltzeko praktika nabarmen handitu da. Kasu horretan, dezimoaren erosleak gainerako jokalariei bidaltzen badie ere, ez da nahikoa izango Ogasunari egin beharko zaion ordainketari dagokionez.

Izan ere, saria tokatzen bada, dezimo horren eragin fiskala erosi zuen pertsonarengan eroriko da oso-osorik, eta ez gainerako jokalariengan. Ogasunari egindako ordainketa jokatu duten guztien artean proportzionala izan dadin, testu bat sortu beharko da, whatsappeko mezu baten bidez ere baliagarria izango litzatekeena, jokalarien datuak eta jokatu duten kopurua adierazita. "Hori kontratu pribatuaren baliokidea izango litzateke".