Itxi

Gizartea

OPERAZIO BATERATUA

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak 190.000 euro inguruko balioa duten hainbat iruzur telematiko argitu dituzte

IKER GOMEZ | EITB MEDIA

Guztira sei pertsona atxilotu dituzte Estatuko hainbat hiritan. Rosbunk-Pool operazioan, gainera, beste lau pertsona ikertzen ari dira.

  • Ertzaintzako eta Guardia Zibileko agenteak, operazioan.

    Ertzaintzako eta Guardia Zibileko agenteak, operazioan. Argazkia: Eitb Media

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak operazio bateratua egin dute eta sei pertsona atxilotu dituzte Estatuko hainbat tokitan, zibererasoaren, kapitalak zuritzearen eta egoera zibila usurpatzearen delituak egotzita.  Gainera, pertsona horiek iruzur-saiakerak modu masiboan egiteko erabiltzen zuten telekomunikazioko eta informatikako material ugari konfiskatu dute miaketetan. Uste da guztira 190.000 euroko iruzurra egin dela.

Joan den otsailean, Ertzaintzak ikerketa bat hasi zuen Irungo Ertzain-etxean iruzun-delitu batengatik jasotako salaketa baten ondorioz. Iruzurra, 48.000 eurotik gorakoa, bi enpresaren arteko posta elektronikoak atzemanez eta manipulatuz egin zuten, "BEC" edo "Man in the middle" izenez ezagutzen den modus operandia erabiliz, alegia.

Metodo horren bidez, iruzurgileak mezu elektronikoen elkarrizketa bat edo Internet bidezko datu-transferentzia bat atzematea lortzen du, eta transakzioko parte-hartzaileetako baten lekua hartzen du. Modu horretan, biktimak haiei transferentzia egitea lortzen dute, enpresari behar bezala bidali diolakoan. 

Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko Ikernet ataletik ikerketekin jarraitu zuten, eta susmagarri nagusia Madrilgo Erkidegoko eta Guadalajarako probintziako bi etxebizitzatan kokatzea lortu zuten.

Abenduaren hasieran, Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentro nagusiaren bitartez, egiaztatu zen Guardia Zibila susmagarria ikertzen ari zela Espainiako beste probintzia batzuetan gertatutako antzeko delituengatik.

Hori dela eta, ikerketekin jarraitzea erabaki zen, Rosbunk-Pool izeneko operazio bateratu baten bitartez. Lankidetza horren ondorioz, Madrilgo eta Guadalajarako probintzietako bi etxebizitzatan sartu eta miaketa egin zuten aldi berean. Horietan aurkitu zituzten telekomunikazioko hari gabeko 5 gailu telefoniako 350 modulurekin, 800 SIM txartel, 5 ordenagailu eta material informatiko ugari, bai eta biltegiratze masiboko 7 gailu ere.

Biktima batzuei iruzurrez kendutako 45.000 euro berreskuratu dituzte eta 100.000 eurotik gora zituzten bankuko 5 kontu blokeatu dituzte.