Itxi

Gizartea

2023ko Gabonetako Loteria

Gabonetako loteriak 2.590 milioi banatuko ditu saritan, iaz baino 70 milioi gehiago

EITB Media

EAEn, batez besteko gastua 82 eurokoa da, eta 58 eurokoa, Nafarroan. Hala, xahututakoaren zati bat berreskuratzen saiatuko dira herritarrak, eta iazko moduan, zortea alde izaten. Izan ere, sari potoloak 4,4 milioi utzi zituen Bilbon, eta dezimo bana saldu ziren Azkoitian, Cordovillan eta Iruñean.

  • Imagen de un sorteo anterior.

    Imagen de un sorteo anterior. Foto de archivo: EFE

Eguberritako loteriaren aparteko zozketaren eguna da gaurkoa. 09:00etan hasiko da, ohi bezala, Madrilgo Errege antzokian. Aurten 2.590 milioi euro banatuko dira saritan, hots, iaz baino 70 milioi gehiago. Ohi bezala, eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du Gabonetako loteriaren zozketa

Igoera hori gorabehera, sari nagusien zenbatekoa betikoa da: sari nagusiak, 400.000 euro banatuko ditu dezimo bakoitzeko (4 milioi euro serieko). Bigarren saria 125.000 eurokoa da dezimoko; eta hirugarren saria, 50.000 eurokoa. Hiru sariotako bat egokituz gero, % 20 Ogasunari eman beharko diote zortekoek (lehen 40.000 euroak salbuetsita daude). 

Horrez gain, bi laugarren sari (20.000 euro dezimoko) eta zortzi bosgarren sari daude (6.000 dezimo bakoitzeko).

Sariok arratsaldetik bertatik kobratu ahalko dira, behin egiaztapen guztiak amaituta. 2024ko martxoaren 22ra arteko epea dago. 

Bistan denez, dirutza kobratzeko dezimoa bera edo saritutako zenbakiaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. 2.000 euro baino gutxiagoko sariak esku dirutan edo Bizum bidez jaso ahalko dira loteria administrazioetan. Sari potologoak (2.000 euro baino gehiagokoak) baimendutako finantza erakundeetan (BBVA eta Caixabank) kobratu ahalko dira bakarrik.

Bizkaian gastatzen da gehien

Bizkaitarrak dira loteriazaleenak, eta han dute batez besteko gastu handiena: 100,94 euro pertsonako. Ondoren dator Gipuzkoa (63,25 euro), eta tarte batera, Araba (58,26 euro) eta Nafarroa (58,24 euro).

Kopuruok estimazioa baino ez dira, behin betiko datua saldu ez diren billeteak itzuli ostean jakingo baita. 

Ilarak Bilboko Areatzan, loteria erosteko. EFE

Ilarak Bilboko Areatzan, loteria erosteko. EFE

Horrenbestez, gastatutakoa berreskuratzen saiatuko dira, beste behin, herritarrak. Dena dela, probabilitateari erreparatuta, gastatutakoa baino gehiago irabazteko aukerak % 5 baino ez dira. 

Iaz zortea alde izan zuten, eta aurten ere hala izango direlakoan daude asko eta asko. Izan ere, gogora ekarri behar da sari nagusia Hego Euskal Herrian egokitu zela 2022an, Bilbon 4,4 milioi utzita eta Azkoitian (Gipuzkoa), Cordovillan eta Iruñean (Nafarroa) dezimo bana salduta. Dena dela, bigarren sariak (18,5 milioi, Bilbon eta 53,7 milioi, Mungian) eta bosgarren sariek (10,8 milioi, Galdakaon) utzi zuten diru gehien. 

Sari nagusia, 45 aldiz Hego Euskal Herrian

Sari potoloa 45 aldiz egokitu da Hego Euskal Herrian, 37tan EAEn eta zortzitan, Nafarroan (bost Iruñean, eta bana Altsasun, Tuteran eta Fiteron). Bizkaia izan da zori onekoena, 20 urtetan jausi baita sari desiratuena bertan. Gipuzkoan 15 bider banatu dute lehen sari hori, eta Araban, hirutan.