Itxi

Gizartea

Ziberdelituak

Zibersegurtasuneko sektorearen garapena eta prestakuntza sustatuko ditu Cyberzaintzak

EITB Media

EAEko zibersegurtasunerako agentzia berriak hezkuntza zentruekin lankidetzan jardungo du STEAM ikasketak sustatzeko eta sektoreko profesionalen faltari aurre egiteko.

  • Josu Erkoreka sailburua buru dela egin da Cyberzaintzaren aurkezpen ofiziala. Argazkia: EITB

    Josu Erkoreka sailburua buru dela egin da Cyberzaintzaren aurkezpen ofiziala. Argazkia: EITB

Internet bidezko delituen aurreko babesa lantzeaz gainera, Cyberzaintza Euskadiko zibersegurtasunaren sektorea bultzatzeaz arduratuko da, prestakuntzan arreta berezia jarriz. Hala azaldu dute Euskadiko Autonomia Erkidegoko zibersegurtasunerako agentzia berriaren aurkezpen ekitaldi ofizialean.

Cyberzaintzaren helburu nagusia erakunde publikoen, enpresen eta herritarren babes digitala bermatzea izango da. Ildo horretan, hiru lan-ardatz izango ditu: Ertzaintzarekin lankidetzan arituko da ziberdelinkuentziaren aurkako borroka koordinatzeko, dinamizatzeko eta kohesionatzeko; azpiegitura eta datu publikoak babestuko ditu euskal erakunde guztiekin koordinatuta, eta enpresa-azpiegiturak eta -datuak babesteaz arduratuko da Eusko Jaurlaritzako hainbat sailekin elkarlanean.

Hala ere, ez da hori izango bere zeregin bakarra agentziako zuzendari orokorrak, Javier Dieguezek, azaldu duenez. Erakundearen helburuen artean egongo dira, halaber, EAE zibersegurtasunaren arloko erreferente gisa kokatzea Europa digitalaren barruan, beste ekonomia batzuekiko mendekotasun teknologikoa hausten laguntzea eta hurrengo belaunaldien prestakuntza sustatzea, euskal sektore digitalean belaunaldien arteko ordezkapena ziurtatzeko.

Kalkuluen arabera, zibersegurtasunaren sektoreak 83.000 profesional inguru beharko ditu 2024an. Hori dela eta, Cyberzaintzak prestakuntza arautuaren eta ez-arautuaren arloko hezkuntza-eragileekin lan egingo du, hurrengo belaunaldien formazioa bermatzeko eta euskal industriaren eta enpleguaren etorkizunerako oinarriak ezartzeko.

2017tik zibersegurtasunaren kultura zabaltzen lanean aritu den Basque Cybersecurity Centre (BCSC) erakundearen lekukoa hartuz sortu da, Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia. Aurkezpen ekitaldian Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuak adierazi duenez, ziberdelituak azkar hazten ari diren unean gaude. Euskadin egiten diren 4 delituetatik bat Internet bidez gertatzen da. Ertzaintzaren datuen arabera, aurtengo urtarrilaren 1etik urriaren 31ra 19.129 delitu izan dira sarean, eta 56.805 aurrez aurre.