Itxi

Gizartea

ISTRIPUA

Deban emakume bat hil zuen balak aurrez basurde bat zeharkatu zuela uste dute ikertzaileek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Emakumearen autopsia egitea falta da oraindik, bala hilgarria jaurti zuen arma identifikatzeko. Emakumea Deban hil zen, etxean zela, kanpotik egindako tiro bat jaso eta gero. Erkorekak "amaiera dramatikoa izan zuen ustekabeko gertakaritzat" jo du heriotza.

  • 75 urteko emakumea hil zen eraikinaren kanpoaldea

    75 urteko emakumea hil zen eraikinaren kanpoaldea. Argazkia: EFE.

Joan den igandean Deban basurdeak ehizatzeko uxaldi batean parte hartu zuten 23 ehiztarietatik 6k bakarrik egin zuten tiro egun horretan. 75 urteko emakume bat hil zen, etxean zela, kanpotik egindako tiro bat jaso eta gero. Antza, tiroak lehendabizi basurdea hil zuen, eta bala, animaliaren gorputza zeharkatu ostean, etxeko leihotik sartu zen. Horixe da hipotesi nagusia, une honetan.  

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak asteazken honetan Bilbon hedabideei adierazi dienez, Ertzaintzak ez du uste tiroa nahita izan zenik, baizik eta "ezusteko gertakari" bat izan dela eta "amaiera dramatikoa" izan zuela.

Erkorekak doluminak eta Eusko Jaurlaritzaren babesa helarazi dizkio biktimaren familiari, eta adierazi du uxaldiko ehiztarietatik 6k bakarrik egin zutela tiro egun horretan, eta 5 basurde hil zituztela, horietako 2k emakumea bizi zen eraikinetik gertu. "Hortik aurrera, ikerketa intentsitate handienarekin egiten ari da polizia zientifikoa eta balistikakoa, jaurtigaien ibilbideak aztertuz", eta, horretarako, droneak ere erabiltzen ari direla azaldu du.

Sailburuak azaldu duenez, oraindik emakumearen autopsia falta da, bala hilgarria jaurti zuen arma identifikatzeko, baita basurdeen nekropsia ere, batez ere etxetik gertuen dagoen ingurunean hildako bi animaliena.

"Badago bat sarrerako eta irteerako zuloa duena eta, beraz, gerta liteke, hipotesi bat da, eraikinean sartu zen bala animalietako bat zeharkatu zuen bala bat izatea. Hori ezin da baztertu, baina, edonola ere, ikerketa aurrera doa fronte horiek guztiak irekita", gaineratu du.

Erkorekak esan du oraingoz ez dagoela daturik pentsatzeko uxaldiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutakoak, ezarrita zituen muga geografikoak gainditu zituenik eta etxebizitzen eremura hurbildu zenik, baina gaineratu du "noski kontuan hartuko dela" aukera hori ikerketan zehar.