Gizartea
San tomas
Euria gorabehera, milaka lagun espero dituzte Bilbon eta Donostian, San Tomas azoketan
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Arratsaldean atertzera egingo du, eta hala, jende andana biltzea espero da bi hiriburuetan. Azken orduak prestaketa lanetan eman dituzte batean eta bestean, urteko hitzordu garrantzitsuenerako dena pronto izateko.
-
Fería de Santo Tomás en Bilbo y San Sebastián. Foto de archivo: EITB
Donostian eta Bilbon gaur, abenduaren 21a, San Tomas azoka ospatuko dute, urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Aurreikuspenen arabera, euria iragarrita dago ia egun osorako, baina eguraldia ez da oztopo izango beste urtebetez azokaz gozatzera eta Gabonei ongietorria ematera hurbilduko diren milaka pertsonentzat.
Goizeko 10:00etan zabalduko dituzte Donostian San Tomas egunerako prestatu diren 167 postuak, guztiak hiriko txoko ezberdinetan banatuta. Ordurako "Xixili" txerria ere Aizarnazabalgo Larraxko baserritik jaitsia izango da. Egun horretako protagonista nagusia izango da eta Konstituzio plazan ikusi ahal izango da.
Xexilirekin batera txistorra usaia izango da nagusi hiri osoan zehar. Programazio zabala antolatu dute beste behin, eta Donostiako kaleetan ez dira faltako animaliak, barazki, eta fruta saltokiak; haurrentzako tailer eta jolasak edo bertsolari edo aizkolari lehiaketak.
Bilbon ere askorentzat da biharkoa gabonetako egutegiko hitzoirdurik kuttunenetako bat. Goizean goizetik guztira 121 ekoizlek hartuko dute parte azokan eta 215 etxola jarriko dira hirian zehar.
Beste behin ere, azoka Bilboko Areatzan eta inguruan egingo da batez ere (Areatza eta inguruetan, Arriaga plaza, San Nikolas). Gainera, aurten gune berri bat egongo da Emakumeen Plazan, Bailen kalean. Kontutan izan Bilbobusen greba dela eta, garraio publikoan gorabeherak izan daizkeela.