Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Lointeken kirol arduradun ohiak ustez adingabe bati egindako sexu erasoak salatuko dituzte gaur, Gernika-Lumon

eitb media

Udalerriko Sare Feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan saskibaloi taldearen "konplizitatea salatzeko". Gainera, Allende Salazar eskolako zuzendaritzak eta guraso elkarteak beste protesta ekintza bat egingo dute, 16:00etan.

0:39
Mario Lopez. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Gernikako Sare Feministak deituta, elkarretaratzea egingo da gaur Gernika-Lumon (Bizkaia), 19:00etan, udalerriko emakume batek Mario Lopez Lointek Gernika taldearen entrenatzaile ohi eta kirol arduraduna izandakoaren aurka sexu erasoengatik aurkeztutako salaketa tarteko. Auzia aspaldikoa da, duela 20 bat urte gertatutakoa, baina atzo ezagutu zen.

Aurrez, 16:00etan, Allende Salazar eskolako zuzendaritzak eta guraso elkarteak beste protesta ekintza bat egingo dute ikastetxean bertan. Biktima eskolako ikasle izan zen.

Bestalde, Lointek Gernikako zuzendaritzak ezohiko batzarra egingo du, 18:00etan, egoera aztertzeko.

Gernikako Udalean gaiari buruz galdetuta, egoera aztertzen ari dela adierazi dute eta asteburuan izan dutela gertatutakoaren berri, xehetasun gehiago eman gabe. Halaber, Gernikako EH Bilduk bozeramaileen batzordearen presazko bilera eskatu du, gaia lehenbailehen jorratzeko eta udalak bere posizioa finkatzeko. Aitzitik, oraingoz, eskari horrek ez du erantzunik izan.

13 urte zituela, eta hiru urtez, sexu erasoak egin zizkiola salatu du emakumeak. El Pais egunkariak zabaldu duen informazioaren arabera, erasoak 1998ko udan hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. Allende Salazar herri eskolan ikasten zuen biktimak, eta Mario Lopez zuen saskibaloiko entrenatzaile (gero, Lointek Gernikan egon ziren elkarrekin).

Espainiako Saskibaloi Federazioak jakinarazi duenez, urriaren 29an klubaren kontra salaketa bat jarri zutela jakin zuenean izan zuen gertakarien berri. "Salaketa horren arabera, prozesu judizial bat dago martxan sexu-gehiegikeriekin lotuta. Horren inguruko jakinarazpenik jaso ez bagenuen ere, Federazioak ikerketa abiatu zuen, eta horixe jakinarazi zion salatzaileari, salatuari (kluba), Euskal Federazioari, Kirol Kontseilu Nagusiari eta FIBAri", azaldu du.

Hala, Sexu Indarkeriaren aurkako Aholkularitza Batzordeak behin-behineko neurriak hartzeko eskatu zion Federazioari, eta, ondorioz, Espainiako Federazioak antolatutako lehiaketetan parte hartzeko baimena kendu diote Mario Lopezi, gertakarien inguruko ebazpena irmoa izan arte gutxienez.

Gainera, FIBAri eskatu diote neurri bera har dezala, nazioartean ere jarduteko aukerarik izan ez dezan.

Gernikako Sare Feministak: "Guk sinisten dizugu"

Arlette Apraiz Gernikako Sare Feministako kideak Radio Euskadin azaldu duenez, bi mezu nagusi zabaltzeko aterako dira gaur arratsaldean kalera: batetik, "guk sinisten dizugu" esateko; bestetik, "erasotzaileek bizi duten zigorgabetasuna" salatzeko.

Horren ustez, "oso garrantzitsua" da biktimen kontakizunei sinesgarritasuna ematea, hori baita bere iritziz "erasotzaileekin bizi duten zigorgabetasunarekin amaitzeko modu bakarra". Bestalde, Lointek klubaren "konplizitatea" salatu du.

Biktima gehiago egon ote daitezkeen galdetuta, ez dutela kasu gehiagoren berririk erantzun du, baina ez dutela baztertzen.

Gernika-Lumoko Allende Salazar herri eskolako zuzendaritzak eta guraso elkartearen babesa biktimari

Nahia Idoiaga Allende Salazar herri eskolako guraso elkarteko kideak astelehen honetan nabarmendu duenez, gaiari buruzko iritzia azaldu behar zuten eta salaketa jarri duen pertsonari babesa eman. ETB2ri eskainitako elkarrizketan, herrian bolo-bolo zebilen albistea zela onartu du.

Bestalde, Aritz Zearra Allende Salazar eskolako zuzendariak adierazi duenez, Mario Lopez ikastetxean horretan zen saskibaloi entrenatzaile lanetan, eta hainbat urtez lan horretan aritu zen.

Biktimak Gernika-Lumoko Allende Salazar herri eskolan ikasten zuen erasoak hasi zirenean, eta atzo, kasuaren berri izan bezain pronto, elkartasun osoa adierazi nahi izan zion eskolako zuzendaritzak zein guraso elkarteak emakumeari, eta "gogor gaitzetsi bai erasoa bai erasotzaileak babesten dituztenak".