Gizartea
Emakumeen aurkako indarkeria
Lointek Gernikaren kirol arduraduna salatu dute 13 urteko neska bati sexu-abusu jarraituak egitea leporatuta
eitb media
Saskibaloi taldeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Espainiako Federazioaren ebazpen bat jaso ostean kargugabetu du Mario Lopez. Herriko mugimendu feministak zein Allende Salazar herri eskolako komunitateak elkarretaratzeak deitu dituzte astelehenerako.
-
Mario Lopez, Lointek Gernikaren entrenatzaile eta kirol arduradun ohia. Argazkia: EITB
Emakume batek Mario Lopez Lointek Gernika taldearen entrenatzaile ohi eta orain arte kirol arduradun izan dena salatu du, 13 urte zituela, eta hiru urtez, sexu-abusuak egin zizkiolako. Horren berri izan ostean, Espainiako Saskibaloi Federazioak lehiatzeko baimena kendu zion Lopezi, eta klubak kargutik kendu du Federazioaren ebazpena jaso ostean.
El País egunkariak gaur zabaldu duen infomazioaren arabera, emakume batek salatu du Mario Lopezen etengabeko sexu-abusuak jasan zituela hiru urtez. Erasoak 1998ko udan hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. Allende Salazar herri eskolan ikasten zuen biktimak, eta Mario Lopez zuen saskibaloiko entrenatzaile (gero, Lointek Gernikan egon ziren elkarrekin).
Espainiako Saskibaloi Federazioak jakinarazi duenez, urriaren 29an klubaren kontra salaketa bat jarri zutela jakin zuenean jaso zuen gertakarien berri. "Salaketa horren arabera, prozesu judizial bat dago martxan sexu-gehiegikeriekin lotuta. Horren inguruko jakinarazpenik jaso ez bagenuen ere, Federazioak ikerketa abiatu zuen, eta horixe jakinarazi zion salatzaileari, salatuari (kluba), Euskal Federazioari, Kirol Kontseilu Nagusiari eta FIBAri", azaldu du.
Hala, Sexu Indarkeriaren aurkako Aholkularitza Batzordeak behin-behineko neurriak hartzeko eskatu zion Federazioari, eta, ondorioz, Espainiako Federazioak antolatutako lehiaketetan parte hartzeko baimena kendu diote Mario Lopezi, gertakarien inguruko ebazpena irmoa izan arte gutxienez.
Gainera, FIBAri eskatu diote neurri bera har dezala, nazioartean ere jarduteko aukerarik izan ez dezan.
Gernikako Sare Feministak elkarretaratzea deitu du
Gertakari horien aurrean, Gernikako Sare Feministak elkarretaratzea egingo du bihar, abenduak 18, 19:00etan, Pasealekuan.
Sare Feministak azaldu du uda hasieran izan zutela orain publiko egin diren gertakarien berri, eta "eraso berrien prebentzioa eta erasotuaren erreparazio prozesua ipar, erasotzailea prestigio postutik kentzeko neurriak hartzea" eskatu ziotela Lointek Gernikari.
Sare Feministak bilerak egin zituen klubeko arduradunekin, eta bertatik jaso zutena izan zen "bai Juntaren eta sponsorren partetik zein jokalarien partetik entrenatzaile bezala mantentzeko adostasuna zegoela eta horixe bera egingo zutela".
"Bere garaian ulergaitza egin zitzaigun taldearen adostasun batetan oinarritu dira Mario prestigio postu batean mantentzeko, eta orain badakigu adostasun hori ez dela existitu izan, eta, gainera, kide ezberdinek taldea uztea ekarri duela", azaldu du talde feministak.
Horregatik guztiagatik, Gernikako Sare Feministak gogor salatu du Lointek Gernikako zuzendaritzaren jokabidea.
Uda hasieran izan gendun eraso honen berri eta publikoki atera ez bagara erasotuaren prozesua errespetatu nahi izan dugulako da. Arrazoi berdinagatik, erasotuaren izenaren inguruan ez espekulatzeko eta ez zabaltzeko eskatu nahi dizuegu
— Gernikako Sare Feminista (@GernikaFeminist) December 17, 2023
Konplizitaterik ez!
Guk sinisten zaitugu¿ pic.twitter.com/YHpDHDYKXO
Gernika-Lumoko Allende Salazar herri eskolako zuzendaritzak eta guraso elkarteak ere elkarretaratzea deitu dute
Biktimak Gernika-Lumoko Allende Salazar herri eskolan ikasten zuen erasoak hasi zirenean, eta gaur, kasuaren berri izan bezain pronto, elkartasun osoa adierazi nahi izan dio eskolako zuzendaritzak zein guraso elkarteak emakumeari, eta "gogor gaitzetsi bai erasoa bai erasotzaileak babesten dituztenak".
Hala, elkarretaratzea deitu dute biharko, 16:00etan, eskolako eskaileretan, eta iluntzean Gernika-Lumon egingo diren elkarretaratzeekin bat egin dute.
"Gure babesik beroena helarazi nahi diogu salatzaileari. Eta herrian edozein eraso eta, bereziki, sexu-abusuak jasan dituzten pertsona guztiei ere bai. Zoritxarrez, hauek gure egunerokotasunean errotuta dauden gertaerak dira eta eskola-komunitate gisa oso presente izan behar dugun errealitatea da. Hori horrela izanik, ezin dugu ahaztu umeok babestea dela eskola komunitatearen eginbeharra. Beraz, barkamena eskatu nahi diegu gure eskola-komunitateko kide izanik abusuak jasan zituzten haurrei eta, bereziki, salatzaileari, behar bezala detektatzen eta behar zuen babesa ematen jakin ez genuelako", dio komunikabideetara bidalitako oharrak.
"Allende Salazar herri eskolan argi dugu haurren babesa eta ongizatea gure funtsa dela eta eredu izan behar dugula, Gernika-Lumoko eskola handienetariko bat garen
heinean. Gertatutakoak ez zuen gertatu behar, eta ezin dugu onartu horrelakoak berriro gertatzea. Horregatik, Hezkuntza Departamentuko protokoloez gain, 2023ko
irailetik martxan dugu kiroletan eta aisialdian haurrek jasaten duten indarkeria prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta indarkeria horri aurre egiteko protokoloa", azaldu dute eskolako komunitatetik.
"Bukatzeko, berriro berretsi nahi dugu gure gaitzespen irmoena El Paísek argitaratutako kasuaren aurrean eta, orokorrean, umeen kontrako edozein erasoren aurrean, baita erasotzaileak babesten dituztenen aurrean ere", nabarmendu dute.
Lointek Gernikako zuzendaritzak, bere aldetik, ezohiko batzarra deitu du biharko, egoera aztertzeko.