Gizartea
Gipuzkoa
Bi pertsona zauritu dira Urretxun etxebizitza batean izandako leherketa batean
EITB MEDIA
Eztandak kalte handiak eragin ditu eraikinean, eta, ondorioz, ondoko etxebizitzako bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte.
-
Suhiltzaileak leherketa izan den etxebizitzara gerturatu dira. Argazkia: EITB MEDIA
Bi gizon zauritu dira ostiral arratsaldean Urretxuko (Gipuzkoa) etxebizitza batean izandako leherketa batean, Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
Ezbeharra 18:50 inguruan izan da, Urretxuko Lilibaso kaleko bi etxebizitzako txalet batean. Ertzaintzak ikerketa abiatu du deflagrazioa zerk eragin duen zehazteko.
Leherketaren ondorioz, bi gizon artatu behar izan dituzte. Gazteenak kea arnastu du eta besteak erredurak egin ditu. Larrialdi zerbitzuek bertan artatu dituzte biak, eta, ondoren, ospitalera eraman dituzte; gazteena Zumarragako ospitalera eta helduena Gurutzetako ospitalera.
Ertzaintzak ikerketa hasi du leherketa zerk eragin duen argiteko. Lehen hipotesien arabera, badirudi beheko su batek, tximinia batek edo galdara batek eragin izana leherketa.
Eztandak kalte handiak eragin ditu etxebizitzan, eta, ondorioz, ondoko etxeko bizilagunak ere atera behar izan dituzte etxetik.