Gizartea
minbiziaren ikerketa
Minbiziaren aurkako botika donostiar bat gizakiengan probatzea onartu du Txinak
Agentziak | EITB Media
Sendagaiak aldaketa kimikoa eragiten du zeluletan, minbizia hedatzea saihestuta. Quimatryx enpresa donostiarrak garatu du eta, horren ustez, 2028-2029an egon daiteke salgai Asiako herrialdean. Dena dela, konpainiak ez du baztertu AEBn, Europan edo Japonian merkaturatzea.
-
Quimatryx enpresako langile bat. Argazkia: EFE
Donostiako enpresa batek minbiziaren aurka garatu duen sendagai bat gizakiekin probatzea onartu du Txinak. Medikamentuak QTX125 molekula du oinarri, eta aldaketa kimikoa eragiten du zeluletan, gaixotasuna hedatzea saihestuta.
Ana Arrieta eta Fernando Cossio EHUko irakasle eta ikertzaileek, Manel Esteller Kataluniako adituarekin batera, duela 18 urte asmatu zuten botika, eta Quimatryx enpresa donostiarra ibili da hura garatzen, 2015etik. Orain, bada, nazioartera egin du jauzi, eta Asiako herrialdeko beste enpresa kimiko batekin lankidetzan, entsegu klinikoak egingo dituzte, gerora merkaturatzeko.
Tratamendu epigenetikoa da, hots, aldaketa genetiko batzuk eragiten ditu, DNAren egitura moldatu gabe. Botikak HDAC-6 inhibitzailea aktibatzen du, aldaketa kimiko bat eraginez. Hartara, minbizia duten zelulak ez dira biderkatzen. Entsegu klinikoen aurretik egindako probetan egiaztatu dutenez, eraginkorragoa da birikietako, pankreako edo minbizia hematologikoetan.
Pedro Esnaola Quimatryx enpresako presidenteak EFE albiste agentziari azaldu dionez, "guk ez diogu minbiziari eraso egiten, gure molekulak baldintza jakin batzuk sortzen ditu gorputza defendatu dadin eta minbiziaren kontra egiteko modua izan dezan". Hala, kimioterapia edo radioterapia saioak saihets daitezke.
Entsegu klinikoen lehen fasea 18 hilabeteren buruan amaituko dute. Ordurako, dosia eskalatuta izango dute, bestela esanda, "emaitza onenak lortzeko zein kopuru behar den" zehaztuta egongo da. Ondoren, bere benetako ahalmena frogatu beharko du gure produktuak", erantsi du Esnaolak.
"Dena ondo bidean" laupabost urteren buruan egongo da salgai Asiako herrialdean.
Europan "2025 erdialdean" egingo dute entsegu klinikoa, betiere Txinako emaitzen arabera. Dena dela, Quimatryxek ez du baztertu AEBn, Europan edo Japonian ere merkaturatzea.