Itxi

Gizartea

ZIENTZIA

Gizentasunaren aurkako botikak, urteko aurrerapen zientifiko garrantzitsuena 'Science' aldizkariaren arabera

AGENTZIAK | EITB Media

2023an hainbat saiakuntza klinikok erakutsi dute argaltzeko ez ezik, bihotzeko gutxiegitasuna, bihotzekoa edo iktusa izateko arriskua gutxitzeko balio duela.

  • Gizentasuna

    Gizentasuna. Egile eskubiderik gabeko irudia

Science aldizkariak gizentasunaren aurkako botikak aukeratu ditu urteko mugarri zientifiko gisa. Guztira, hamar aurrerapen zientifiko garrantzitsu aukeratu ditu, 2023. urtea markatu dutenak. "Gizentasunak bere neurriko zapata aurkitu du" izenburupean argitaratutako artikuluan, obesitateari aurre egiteko gehien saltzen diren botikak beste gaixotasun batzuei aurre egiteko erabiltzen hasi direla nabarmendu du. 

GLP-1 taldeko botikak duela 20 urte inguru garatu ziren diabetesari aurre egiteko, baina obesitateari aurre egiteko ere eraginkorrak direla egiaztatu dute.

Aurten, hainbat saiakuntza klinikok erakutsi dute pisua galtzeko ez ezik, bihotzeko gutxiegitasuna, bihotzekoa edo iktusa izateko arriskua gutxitzeko balio duela.

Halaber, alzheimerra edo parkinson gaitzak dituzten gaixoekin probak egiten hasi dira, botika horiek neurri batean garuneko hanturari aurre egiteko baliagarriak direla egiaztatu dutelako.

Hala ere, sendagai orok bezala, aipaturiko botika horiek albo ondorioak dituzte, tartean, hesteetako arazoak edo pankreatitisa.

Bestalde, ez dago argi horiek modu mugagabean hartzeak zer ondorio dituen. Horrez gain, osasun alorrean kezka zabaldu da gizentasuna edo diabetesa ez duten pertsonak pisua galtzeko erabiltzen ari direlako.