Itxi

Gizartea

Etxebizitzen alokairua

EAEko 41 udalerrik jaso dezakete tentsiopeko eremu izendapena

EITB Media

Hiriburuen kasuan, Bilbo, Donostia eta Gasteizko barruti gehienek izango lukete definizio hori Etxebizitzaren Euskal Behatokiak, Etxebizitzaren Legeak zehaztutako irizpideei jarraituz, egin duen analisiaren arabera.

  • Viviendas en alquiler.

    Viviendas en alquiler.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen alokairuari eta tenkatutako eremuei buruzko azterketa egin du. Argitaratu duen txostenean azaltzen duenez, erkidegoko 251 udalerrietatik 41ek eska dezakete tentsiopeko eremu izendatzea; kasu batzuetan, herri edo hiri osorako eta, beste batzuetan, barruti batzuetarako. Horien artean daude hiru hiriburuak, hauetako barruti gehienak tenkatutako eremu gisa definiti baitaitezke, eta baita Bilboko eta Donostiako inguruko herrien gehiengoa ere.

Diagnostikoa egiteko orduan, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren mende dagoen erakundeak kontuan hartu ditu joan den udaberrian Madrilen onartu zen Etxebizitza Legeak zehazten dituen bi irizpideak: 2017tik 2022ra bitarteko prezioen igoera KPI gehi hiru puntu (EAEn % 17) baino handiagoa izatea eta etxebizitza-gastuen batez besteko karga etxekoen unitateen batez besteko errentaren % 30a baino handiagoa izatea.

Txostenaren arabera, EAEko biztanleen % 54, hau da, 1,2 milioi pertsona, tentsiopeko eremu gisa identifikatutako udalerri edo barrutietan bizi dira.

Lurraldeka aztertuta, Gipuzkoan tentsiopeko eremutzat hartuko liratekeen 20 udalerrietatik gehienek batez besteko alokairu-errenta handia dutelako jasoko lukete definizio hori. Andoain, Astigarraga, Beasain, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Lezo, Ordizia, Urnieta, Pasaia, Usurbil, Zestoa eta Zumaiak udalerri osorako egin ahal izango dute eskaera.

Bestalde, Arrasatek, Azkoitiak, Tolosak, Zarautzek eta Donostiak zati batean egin ahal izango dute, barruti batzuetarako. Hiriburuaren kasuan, tenkatutako eremutik kanpo geratuko dira erdialdeko, Aieteko, Amara Berriko, Martuteneko eta Miramon-Zorroagako gune batzuk eta Antigua, Añorga, Ibaeta, Igeldo eta Zubieta auzoak.

Gune tenkatuak Gipuzkoa. Irudia: Etxebizitzaren Euskal Behatokia

Gune tenkatuak Gipuzkoan. Irudia: Etxebizitzaren Euskal Behatokia

Bizkaian, 19 udalerrik eska dezakete adierazpen hori. Barakaldo, Basauri, Berango, Etxebarri, Santurtzi, Sestao, Sondika eta Urduliz oso-osorik definituko lirateke gune tenkatu gisa.

Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Bermeo, Bilbo, Erandio, Galdakao, Gernika-Lumo, Leioa, Ortuella eta Portugaletek, berriz, partzialki egingo lukete. Bilboren kasuan, deklarazio horretatik kanpo geratuko litzateke 6. barrutia, alegia, Abandori eta Indautxuri dagokiena.

Gune tenkatuak Bizkaian. Irudia: Etxebizitzaren Euskal Behatokia

Gune tenkatuak Bizkaian. Irudia: Etxebizitzaren Euskal Behatokia

Azkenik, Araban bi dira udalerriak. Horietako bat Gasteiz da, bertako ia barruti guztietan (6.ean izan ezik) batez besteko alokairu-errentak errenta erabilgarriaren % 30 gainditzen baitu. Hiriburutik kanpo, Alegria-Dulantzi udalerria bakarrik egongo litzateke egoera horretan.

Gune tenkatuak Araban. Irudia: Etxebizitzaren Euskal Behatokia

Gune tenkatuak Araban. Irudia: Etxebizitzaren Euskal Behatokia