Gizartea
Elkarrizketa Radio Euskadin
Sagarduik onartu du zenbait ospitale gainezka egon direla, baina soilik "momentu puntualetan"
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
"Gaixo gehiago ari dira artatzen, garai honetan normala den moduan. Zenbait zentro gainezka egon dira, baina jendeari arreta eman zaio, behin edo beste nahi baino atzerapen handiagoarekin, baina arreta bermatu zaie", zehaztu du.
-
Osasun sailburu Gotzone Sagardui, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Osasun sailburu Gotzone Sagardui izan dute gonbidatu Radio Euskadiko "Boulevard" saioan gaur, ostegunarekin, EITB Maratoiaren egun handian. Bertan, Euskadiko ospitaleen egoeraz jardun du sailburuak, eta, esan duenez, gaur den egunean ez dago zentro bakar bat jendez gainezka.
"Gaixo gehiago ari dira artatzen, garai honetan normala den moduan. Zenbait zentro gainezka egon dira, baina arreta bermatu dute, behin edo beste nahi baino atzerapen handiagoarekin", zehaztu du.
Ospitaleratzeengatik ohe kopurua handitzeko beharra izan duten ospitaleei buruz galdetuta, baten batzuk aipatu ditu: "Basurtukoa, Santa Marinakoa, Uribe Kostakoa, Gurutzetakoa eta Arabako ESIa. Donostiako Ospitaleak, adibidez, ez du horretarako beharrik izan".
Halaz guztiz, argitu du soilik kasu bakan batzuetan atzeratu dituztela ebakuntzak, "pazientearen osasun egoerak horretarako bermerik eman ez duenean", hain zuzen ere.
Gauzak horrela, azpimarratu du Osakidetzako ospitaleen sarea "normaltasunez" ari dela lanean, eta itxaron zerrendak ere "hobetzen" ari direla. "Zerrendak ez daude guk nahi bezain ondo, baina datuak 2022ko abuztukoekin alderatzen baditugu, hobera egin dugu nabarmen. Orduan, 84-85 eguneko itxaron zerrendak zeuden ebakuntzetarako; gaur egun, 59-60 egunekoak. Egia da, Gabon festetan gorabeherak izan daitezkeela, nahiz eta lanean jarraituko dugun pandemia aurreko datuak berreskuratzeko", nabarmendu du.
Anbulatarioen kasuan, atzerapena 2,7 egunekoa dela adierazi du. "1,5-2 egunekoa zen duela gutxi, beraz, sistema egokitzen ari da, alegia, bide onetik goaz", bukatu du.