Gizartea
Indarkeria matxista
Agurainen izandako sexu-eraso baten ustezko egilea atxilotu dute
EITB Media
Erasoa urriaren 3an gertatu zen. Biktima Txagorritxura joan zen, eta sexu-delituen protokoloa aktibatu zen. Salaketa jarri ondoren, Ertzaintzak delitu horren ustezko egilea nor den jakitea lortu du, eta Gasteizen atxilotu dute.
Ertzaintzako agenteek urriaren 3an Agurainen (Araba) izandako sexu-eraso baten ustezko egilea atxilotu dute.
Erasoa urriaren 3an gertatu zen. Txagorritxuko ospitaletik harremanetan jarri ziren Ertzaintzarekin, sexu-erasoa jasan zuen emakume bat artatzen ari zirela-eta, eta sexu-delituetarako protokoloa aktibatu zen.
Biktimak beharrezko osasun azterketa eta arreta jaso ondoren, salaketa aurkeztu zuen ertzain-etxean. Bertan jasotzen zenez, goizalde hartan gizon batek sexu-erasoa egin zion Agurainen.
Ikerketari esker, delituaren ustezko egilea nor den jakin ahal izan da, eta Gasteizen atxilotu dute.
Atxilotua, 20 urtekoa, epailearen esku utziko dute beharrezko polizia-eginbideak amaitzen direnean.