Itxi

Gizartea

Epai irmoa

Cifuentesen kremen bideoaren auzian Eroskiri ezarritako zigorra berretsi du Gorenak

EITB MEDIA

Hipermerkatuen kateak 30.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Madrilgo Erkidegoko presidente izandakoari, lapurretaren osteko grabazioa ondo babestu eta ez ezabatzeagatik.

  • Cifuentes, artxiboko argazki batean.

    Cifuentes, artxiboko argazki batean. EFE

Cristina Cifuentes PPko buruzagi eta Madrilgo Erkidegoko presidente ohiaren kremen auzian, Eroski supermerkatu kateari ezarritako zigorra berretsi du Auzitegi Goreneko Gizarte arloko Salak. Madrilgo Lurralde Auzitegiak 30.000 euroko kalte-ordaina pagatzera kondenatu zuen Eroski, 2011ko maiatzean Eroskiren Madrilgo supermerkatu batean egindako grabazio bat (Cifuentes krema batzuk lapurtu ostean erakusten zuena) ez ezabatzeagatik. Izan ere, bideo hori bolo-bolo ibili zen gero komunikabideetan, eta Cifuentesek dimisioa aurkeztu zuen polemika hori tarteko. 

Horren harira, PPko buruzagiak auzitara jo zuen, eta 450.000 euroko kalte ordain eskatu zion Eroskiri, intimitaterako eskubidea urratu zela argudiatuta. 

Gorenak Madrilgo Lurralde Auzitegiak emandako epaia berretsi du, Cecosa Hipermercados sozietateak —Eroski taldekoa— aurkeztutako kasazio errekurtsoa baztertuta. Eroskik bere helegitean azaldu zuenez, informaziorako eskubidea intimitate eskubidearen gainetik jarri behar zen kasu honetan, grabazioan egiazko gertakariak azaltzen zirelako, interes publiko handikoak, eta protagonista pertsonaia publikoa zen. 

Auzitegiaren arabera, epaia demandatzailearen intimitate eskubidetik eta adierazpen eta informazio askatasunetatik kanpo dago erabat. Izan ere, irudiaren babesean oinarritzen da helegitea, eta erantzukin hori enpresari dagokio, datuak babesteko legea bete behar duelako.

Gizarte arloko Salak azpimarratu duenez, Cifuentesek berak ez zuen Ok diario egunkariaren —horrek zabaldu zuen bideoa— aurkako helegiterik jarri. Bestalde, Salak ez du onartzen Auzitegiak ezarritako kalte-ordaina "gehiegizkoa" izan zenik, grabazioak sekulako oihartzuna izan zuelako. Horrenbestez, kalte-ordainaren zenbatekoa berretsi du.